"Jaietan, agur moduko bat esango diogu Arroka frontoiari"
Amarako jaietan, aurtengoa Arroka frontoia erabiliko duten azken urtea izango da –abuztuan botako dute–. «galduko dugunez, saiatuko gara, azken unera arte, ahalik eta zuku gehien ateratzen espazioari. Jaietan, agur moduko bat esango diogu Arroka frontoiari; sinbolikoa izango da, baina aldi berean garrantzitsua», azaldu du jai batzordeko kide Ane Ubiriak.
Gaurkoa gazte eguna izango da. Gosari herrikoia egingo dute 12:00etan, eta, 20:00etan, poteo musikatu batek alaituko du auzoa. Gauean, 22:30ean, kontzertuak egongo dira: Matraka elektrotxarangak, Kaxueirak eta DJ Txurruk hartuko dute parte.
Zerbitzari lasterketa
Bihar, iazko jardueretako bat errepikatuko dute: zerbitzari lasterketa, 11:00etan: «Ideia originala iruditu zitzaion jendeari, eta, aurten, tabernari batek hartu du antolaketaren ardura». Bestalde, hil berri diren bi auzokide omenduko dituzte: 12:30ean, Tasi, Amaran gozo denda bat zuen eta bizitza osoan bertan bizi izan den emakume bat; eta, Fernan, ezker abertzaleko kide, LABeko militante eta «auzoko historiko bat».
Igandean, 12:00etan, umeak izango dira protagonista Amara Txef jardueran: «Eroski zabaldu dute auzoan, eta bertako langile batek proposatu zigun ideia. Gainera, aurten, Donosti Berri elkartean Asier Okariz sukaldaria ari da ikastaro bat ematen, eta berak aholkuak eman dizkigu».
Danborrada, 20:00etan izango da. Jarduera hau indartu nahi du jai batzordeak: «Iaz jende gutxi animatu zen, eta bertan behera utzi behar izan genuen. Beraz, auzokideak animatu nahi ditugu».
Antiguan, Parte Zaharrean eta Grosen ere bai
Loiolan eta Amaran ez ezik, leku gehiagotan egingo dira jarduerak San Ignazio egunaren bueltan. Parte Zaharrean, adibidez, uztailaren 31n, Amaikak Bat elkarteko danborradakauzoko kaleak danbor hotsez beteko ditu, 10:30etik aurrera.
Antiguan, Sansustene elkarteak antolatzen ditu jaiak, eta bihar arratsaldetik aurrera festak ez du etenik izango: mus eta bakailao txapelketez gain, afari herrikoia egingo dute elkartean bertan (Sansustene kalea, 6). Igandean, 18:00etatik aurrera, haurren eguna izango da: txaranga, buruhandiak, merienda eta Txan magoaren emanaldia egongo dira Txalupagillene plazan.
Astelehenean, saninazio eguna ospatzeko, elkarteko hildako kideen omenez meza bat egingo dute, 12:00etan, Benta Berriko elizan, eta txistulariak ibiliko dira auzoan zehar. Ondoren, Txalupagillene plazan Antiguako abesbatzak kantatuko du eta bazkaria egingo dute. Jarduera guztiak irekiak dira.
Grosen, Umore Ona elkartearen eskutik, 90 urtetik gora daramate San Ignazio eguna ospatzen. Duela urte batzuk, jaiak ere antolatzen zituzten, baina, gaur egun, egitaraua laburtu behar izan dute. Hala, igande gauean, 23:30ean, elkarteko danborrada kalera aterako da, eta hurrengo goizean, Ulialde elkarteko danborradak alaituko ditu Groseko kaleak. Ondoren, hiriko hainbat elkartetako 50 lagun inguruk bazkalduko dute Umore Onan.