Orotara, 460 jarduera baino egongo dira abuztuaren 12tik 19ra; berritasunen artean, emakumezkoen estropada jokatuko dute lehen aldiz Urumea ibaian.
Amaran aurkeztu dute Aste Nagusiko egitarau osoa. (Argazkia: Lide Ferreira)
Azken asteotan,
Aste Nagusiko su artifizialak eta
Saguesko kontzertuak aurkeztu ditu udalak. Bada, gaurkoan, Donostiako alkate Eneko Goiak eta Festetako zinegotzi Alfonso Gurpegik
Aste Nagusiaren egitarau osoa aurkeztu dute, Amarako Aitzol Parkean. Hain zuzen ere, Aste Nagusia hirian ahalik eta gehien zabaltzea nahi dute, hau da,
auzoetan ere presentzia izatea. Zehazki,
Amaran, Antiguan eta Grosen festa gune bereziak jarriko dituzte. “Jai giroa hiri guztira zabaldu nahi dugu, apustu bat da. Ez da erronka erraza izan, baina auzoetako eragile eta elkarteen laguntzari esker, lortu dugu. Eta Amarako parke hau da horren adierazletako bat, auzoetako guneetako bat izango baita”, adierazi du Goiak. Hortaz,
abuztuaren 12tik 19ra, 460 jarduera eta 28 festa gune egongo dira hirian zehar barreiatuta.
Festaren hasiera ofiziala abuztuaren 12an izango da, 19:00etan,
kanoikadarekin. Aurten ez dute ohiko kanoia erabiliko, baina Eibarko udalak utzitakoa erabiliko dute. Ekitaldi horretan,
Easo Abesbatzak eta Kresala elkarteak hartuko dute parte, 25. eta 50. urtemugen harira, hurrenez hurren. Gurpegik azaldu duenez, egitaraua
anitza izango da eta adin guztietarako jendearentzako jarduerak egongo dira: su artifizialak, musika, kirola, buruhandiak, antzerkia, jolasak, erraldoi eta buruhandiak… Azken hori, erraldoi eta buruhandien konpartsa, ibiltaria izango da, Ondarretan zinema eskainiko dute, eta Amara, Gros eta Antiguako komertzioek ibilaldiak eskainiko dituzte.
Festari agur esateko ekitaldia egingo dute
Berritasunen artean ondorengoak daude: Grosen, Aste Nagusiko Pintxo Potea egingo dute ostegunean, abuztuak 17; emakumezkoen estropada jokatuko dute lehen aldiz Urumea ibaian; Konstituzio plazak ez du gaueko programaziorik izango festa zabaldu ez ezik, bizilagunek ere festa eta atsedena izan ditzaten; eta festari agur esateko modu berezi bat eskainiko du Union Artesanak: “Ekitaldi herrikoi bat izango da”, aurreratu du Gurpegik.
Amaitzeko,
eraso sexisten aurkako mezu bat zabaldu nahi izan dute Goiak zein Gurpegik: “Jaiak denok gozatzea nahi dugu, eta, noski, ez dugu inolako jarrera sexistarik onartuko. Urtero errepikatzen dugun mezu bat da, eta urteko 365 egunetan zehar errepikatuko duguna. Portaera sexistak gaitzetsiko ditugu eta horregatik eskatzen dugu elkarlana herritarren aldetik eta kontzientzia piztea”.
2017ko Aste Nagusiaren egitarau osoa hemen.