'Handia' filma zinemaldiko Sail Ofizialean izango da
Koldo Almandozen 'Plagan' film labur dokumentala Zabaltegi sailean emango dute
Jon Garaño donostiarrak eta Aitor Arregik zuzenduriko Handia pelikula, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean izango da. Horrela, Urrezko eta Zilarrezko Maskorretarako lehiatuko da. Gerora, urriaren 20an estreinatuko dute filma zinema aretoetan.
Altzoko Handiaren istorioan dago oinarrituta pelikula. Eneko Sagardoi aktorea da protagonista, eta harekin batera beste hainbatek osatzen dute aktore taldea: Joseba Usabiaga, Ramon Agirre, Iñigo Aranburu, Aia Krise eta Iñigo Azpitarte.
Donostiako Zinemaldiak Sail Ofizialean izango diren beste bi film ere iragarri ditu: Manuel Martin Cuencaren El autor, eta Antonio Mendez Esparzaren Life and Nothing More.
Sail Ofizialetik kanpoko hainbat film ere iragarri dituzte, eta tartean da Koldo Almandozen Plágan (Izurria) film labur dokumentala. Zabaltegi-Tabakalera sailean emango dute. Borja Kobeagaren Fe de etarras filma, berriz, Belodromoan emango dute, eta han izango da, Operación Concha, Antoni Cuadrik zuzendu eta euskal ekoizpena duen pelikula.