Kaiko emakume langileen memoria
Mendeetan zehar, emakumeak saregile, zamaketari eta arrain saltzaile lanetan ibili ziren Donostiako kaian. Desagertu diren lan horietaz gain, seme-alaben zaintzaz eta etxeko mantenuaz ere arduratzen ziren
Goiko argazkiak 1930. urtean Donostiako Konstituzio Plazan egin zuten arrain-pregoilarien lehiaketa bat irudikatzen du. Jai giroan, hiriko eta inguruko herrietako arrain saltzaileen artean antolatzen zen txapelketa. Itsasoarekin loturiko beste hainbeste lanen modura, arrain-pregoilarien lana emakumeek egiten zuten Donostian, euskal kostaldeko beste herri guztietan bezala.
Saskia eskuan eta eguneroko lanerako jantziekin, plazaren beste aldetik egiten zioten garrasi sardinerek txapelketako epaimahaiari, erosle batekin hitz egiten egongo balira bezala. Pregoilarietako bakoitza, bere estilo propioarekin, salgai zituen arrainen kalitateaz eta freskotasunaz harro mintzatzen zen era beti xelebrean, entzuleen artean algarak eta txaloak eraginez. Ekitaldi oso jendetsuak izaten omen ziren sardineren lehiaketak.
1936ko gerrarekin amaitu zen, ordea, Donostian arrain-pregoilarien txapelketa haiek egiteko ohitura zaharra. Kaiko emakumeek beste urte askoan zehar jarraitu zuten, baina, etxez etxeko eta plazetako eguneroko arrain salmentarekin. Kasu gehienetan saskia beteta hainbat eta hainbat kilometrotako ibilbideak egiten zituztelarik.
Garraio eta salmentaz gain, sardinera asko arrantzarako sareen konponketetaz eta ontzietako deskarga lanetaz ere arduratzen ziren gainera. XVI. mende inguruan dago dokumentaturik Donostiako portuan deskarga lanetan ibiltzen ziren emakume zamaketarien jarduna. Garai hartan Ternuatik (Kanada) iristen zen bakailaoa portuko itsasontzietatik deskargatzen zuten, eta lana gizonezkoekin batera egiten bazuten ere, emakumeek soldata apalagoa jasotzen zuten euren senarren lan berdina egiteagatik.
Horrez gain, seme-alaben zaintzaz, etxeko mantenuaz eta familaren finantzetaz ere arduratu behar izaten ziren. Nerabezarotik, mendeetan zehar egin zuten gogor lan itsasoko emakumeek gure hiriko kaian.
Memorian bizirik
Gaur egun Donostiako portuko lonja geldirik dago. Arrainez beteriko itsasontzirik ez da bertara sartzen eta hiriko arrantzaleen kofradia desagertu egin da. Baina badira, hala ere, atzoko lanbide hauek egunerarte mantendu dituzten emakumeak. Guillerma Iturriza, adibidez, 2007rarte ibili zen Donostiako kaian armadore lanetan. 50 urte baino gehiago eman zituen arrantzarako itsasontziak eraikitzen, eta zamaketari, saregile eta arrain saltzaile gisa ere aritu zen.
Andresa Portugal ere ezaguna zen Parte Zaharrean. Bere bizitza osoa eman zuen auzoko kaleetan antxoak dozenaka saltzen. Hiriko kaleetan arraina saltzen ibili zen azken emakumea izan zen, eta, hori dela eta, Donostiako Udalak Hiritar Merezimenduaren domina eman zion 2012an, 70 urtez etengabe egindako lana omentzeko.
Udalaren esker ona jaso eta hilabetera zendu zen Portugal, baina bere irudiak betirako dirau orain Bretxako merkatuaren alboko plaka batean, arrainez beteriko bere oholtzatxoarekin batera.
Mendeak behar izan ditugu itsasoko langile hauen eta beste hainbat emakumeren lana aintzat hartzeko. Orain, Donostiako Ontzi Museoak argitaratutako Emakumeak eta itsasoa bezalako liburuek gogora dakarzkigute gure kaian bizitza osoz lanean ibili ziren emakume horien historia.
Antzina Jarana izenaz ezagutzen zen auzoak garai desberdinak bizi ditu orain. Donostiako kaia ia arrantzarik gabeko eta turismoz beteriko gunea bilakatu da azken urteetan. Arraindegiek, bestalde, aspaldi hartu zuten kaleko arrain saltzaileen lekua. Gaur egun sardinerarik ez da inondik ageri Donostian, baina emakume haien pregoiak denboran galdu badira ere, euren memoriak betiko iraungo du bizirik.