Kolpe gogorra Orixe ikastolarentzat
Enpresa-diseinu eskola bat jarriko dute. Guraso elkarteak «ezinegona» adierazi du, euren ustez, hezkuntza zentro publikoak duen azpiegitura premia larriari erantzuteko aukera «bakarrenetakoa» zelako.
Orixe ikastolako ikasle eta irakasleak espazio egoki baten beharrean daude. Bi urte dira euren azpiegituretan berrikuntzak egin zirenetik, baina ez dira nahikoa izan. Gaur egun, bi eraikin dituzte. Batetik, Urgull mendikoa, Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6. mailako ikasleak hartzen dituena. 1930eko hamarkadan diseinatu eta eraikitakoa da. Eta, bestetik, Zuloaga plazakoa, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1 eta 2. mailakoak hartzen dituena, eta baita udalaren haur eskola ere.
Azpiegituren premia larria du ikastolak, eta bi urte luzez erakunde publikoetako ordezkariekin hitz egin du. Orixe ikastolako gurasoen elkartearen arabera, elkarrizketa hauetan erakundeek begi onez ikusi zuten auzoko Santa Teresa komentuaren zati bat Orixeri ematea. Iaz Donostiako udalbatzak aho batez onartu zuen eraikinaren jabeari, aldundiari eraikinaren eskaera egiteko. Aldundiak, ordea, iragarri berri du Diseinu-enpresa eskola bati emango diola Santa Teresa komentua. Berri honek «ustekabea eta ezinegona» sortu duela adierazi du gurasoen elkarteak ohar batean. Santa Teresa komentua Orixek erabili ahal izateko aukerari ateak ixten zaizkiolako:?«Erabaki etsigarria izan da, elkarteak Santa Teresa komentuan ikusten baitzuen auzoaren hezkuntza beharrak asetzeko bidea. Are gehiago, Orixeko guraso elkarteak oporretan izan du erabakiaren berri, eragiteko gaitasun gutxi dagoen garaian, alegia».
Euren ustez, Parte Zaharraren ezaugarri arkitektonikoak direla eta, oso zaila da Orixe ikastolako arazoei aurre egingo dien leku erabilgarriak aurkitzea. Erabakiak elkarteko gurasoak atsekabetu dituela adierazi dute:?«Egitasmo pribatu bati lehentasuna eman zaio. Berriro ere Donostiako Parte Zaharrean kalitatezko hezkuntza zerbitzuak eskaintzeko beharrari muzin egin zaio». Argi utzi dute ez dutela diseinu eskolaren proiektua gutxiesten, baina ez dute uste proiektu horrek balio erantsirik izango duenik eraikin horretan egoteagatik.
Orixe guraso elkarteak zentroaren etorkizunari buruzko kezka adierazi du, «ez baita orain arte inongo soluziorik eman». Halere, esan dute egoera konpontzeko itxaropenari eusten diotela, eta arduradunek euren seme-alaben hezkuntza beharrei erantzun egokia emango diotela espero dute.
Miren Azkarate Donostiako EAJ udal taldearen bozeramaile eta Kultura, Euskara eta Hezkuntza zinegotziak adierazi du aldaketa Foru Aldundiko Kultura Sailak eman duela:?«Donostiako EAJ-PNVren Udal taldeak argi du bere iritzia. Foru Aldundiak Santa Teresa Komentuaren erabilera beste batzuei uzteko asmoa bazuen, hori Donostiako Parte Zaharreko Santa Maria Orixe Ikastetxe Publikoak dituen beharrei erantzun ahal izateko izan beharko luke. Eta horretan jarraituko dugu, izan ere, uste dugu tokirik egokiena dela Orixek dituen beharrei erantzuna emateko». Alternatibak bilatzen jarraituko dutela esan du, Orixek Parte Zaharrean bere beharrei aurre egiteko toki bat izan dezan. Eta eskarian insistituko dutela. Orixek egindako beste eskaria, Bretxako kirol-instalazioan lehentasuna izateko eskaria, Udalak kontuan hartu duela eta horrela izango dela adierazi du.
Ernesto Gasco alkateordeak esan du udala ez dela Santa Teresa komentuaren jabea: «Guk udalarenak diren eraikinetan erabakiak hartu ditzakegu, baina kasu honetan Gipuzkoako Aldundiak hartu du azken erabakia. Santa Teresa komentua Gipuzkoa osorako eraikin estrategikotzat jo du Aldundiak, kultur sarea indartzeko erabiliko du, eta horregatik trakzio ahalmena duten proiektuak sustatu nahi dituzte, bertako proiektuetatik harago. Hauxe da Aldundiak eman zigun azalpena, eta guk beraiekin bat egin genuen Enpresa-Diseinu eskolaren proiektuan. Guk bere momentuan eskaera egin genuen. Aldundiak jakinarazi zien beste proiektu bat lehenetsiko zutela. Erabaki hobea edo okerragoa izan daiteke, baina nik errespetatzen dut eta marko horretan mugitu behar gara». Gascoren ustez, Orixe ikastolak dituen beharrak beste eztabaidagai bat da: «Gu prest gaude Orixeko guraso elkartearekin konponbide bat aztertzeko. Joan den astean bilera bat egiteko proposatu genien, eta edozein momentutan guk udaletik kudeatu ditzakegun konponbideetaz hitz egiteko prest gaude».
EH Bilduk gogor salatu du Santa Teresa komentua Orixe ikastolari ez emateko erabakia:?«Orixe ikastola publikoa da eta, erakunde publiko guztiek onartzen duten moduan, udaletik hasita Eusko Jaurlaritzaraino, azpiegituren premia larria du». Nabarmendu du espazio faltak zerbitzuaren kalitatean eragin zuzena duela, eta beraz, hezkuntza eskubidearekin lotutako afera dela. EH Bilduk azpimarratu du Donostiako udalbatzaren agindu baten aurkako erabakia hartu dutela: «Udal talde guztiek babestutako akordio baten aurkako erabaki bat hartu dute».
Orixe ikastolari ez diote Santa Teresa komentua emango,