Motorren aparkalekuentzako errotazio sistema bat ari da aztertzen Donostiako Udala
TAO zerbitzua motorrei zabaltzea ez dute oraingoz kontenplatzen
Donostiako Udala hiriko motorrentzako aparkaleku faltaren arazoari aurre egingo dion plan bat aztertzen ari dela adierazi du gaur Eneko Goia alkateak. Mahai-gainean ipini dituzten neurri posibleen artean, TAO zerbitzua motorrei zabaltzea oraingoz kontenplatzen ez dutela azaldu du. Horren ordez, motorren geratze denborak neurtuko lituzkeen errotazio sistema baten ezarpenean lanean ari direla argitu du Goiak.
Ibilgailu hauen bilgune handienak Erdialdean ematen direla azaldu du alkateak, eta udalak arazo honen aztertze lanetan urtebete daramala gehitu du, erabiltzaileei konponbide posibleen inguruan inkestak egin dizkietela adieraziz. Donostian 27.000 motor daudela estimatzen du udalak.