Zergak zertxobait igotzeko asmoa du udal gobernuak
2018rako zerga arauen proposamena onartu du Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. Presio fiskalari eutsi eta batez beste zerga arauak %0,78 handitzeko asmoa dute. Tasa batzuk igotzeko proposamena egin dute ere.
Eneko Goia alkateak azpimarratu du udalaren zerga aldaketak KPI-aren, BPG-ren eta hainbat zerbitzuk duten defizitaren ondorioz egiten direla. Nolanahi ere, EAJren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordioari esker, presio fiskalaren handitzea lehengo urtetakoa baino txikiagoa dela gaineratu du.
Udal gobernuak zenbait tasa handitzea proposatu du, duten defizita dela eta: zaborren gaineko tasa %5, saneamenduaren gaineko tasa %3, Jabego Publikoaren Okupazioaren terrazen inguruko tasa %3 eta %5en artean –bost udal taldeek adosturiko neurria–, eta Ur Hornidura Zerbitzuaren gaineko tasa %3. Gainontzeko tasak bere horretan mantenduko dira. Hala nola, jardueren gaineko baimenak, hirigintza baimenak eta zerbitzuak, hilerriaren tasak, eta TAO edo ibilgailuak erretiratzeko tasa.
Zergei dagokienez, IBI-a, IAE-a eta Lur-sailen balioaren handitzearen gaineko zerga – hau da, Plusbalioen gaineko zerga – ez dira handituko. Handituko den bakarra Ibilgailuen gaineko zerga izango da (%1,5), eta zerga honetan mantenduko dira iaz onartutako familia ugarientzako hobariak.
Bestalde, Donostiako Udalak tasa berria ezarriko du 2018an, hain zuzen ere, Su-hiltzaileen esku-hartzea arautuko duen tasa. Eta tasa hau bakarrik ordaindu beharko da, baldin eta su-hiltzaileen esku-hartzea zuhurtzigabekeria batek eragindakoa bada.
Behin Tokiko Gobernu Batzordeak proposamena onartuta, udal taldeei aurkeztuko zaie eta taldeek 10 egun izango dituzte zuzenketak edota arau proposamenak egiteko. Irailaren 6an jardunaldi irekia egingo du udalak hiritarrei proiektua azaltzeko. Ondoren, irailaren hirugarren astean Ogasun batzordean eztabaidatu eta onartuko dira zuzenketak eta arau proposamenak. Azkenik, irailaren azkeneko asteko udalbatzan proiektuari hasierako onarpena emango zaio, eta beharko balitz, behin betiko onarpena abenduan egingo litzateke.