Sexu abusuak salatu dituzte bi emakumek Donostian
Pertsona bat atxilotu du Udaltzaingoak
Bi emakumek salaketa jarri dute Donostian sexu abusuak jasan izanagatik. Uztailaren 28ko eta 31ko goizaldean gertatu ziren erasoak, eta ustezko erasotzaileetako bat atxilotu dute, udalak jakinarazi duenez. Bi emakumeen salaketak aztertzen ari da Udaltzaingoa.
Lehen erasoa pasa den ostiraleko goizaldean gertatu zen Gros auzoan. Txofre plaza ondoko kale batean 30 urte inguruko emakume batek gizon baten erasoa jasan zuen. Salatu duenez, gainera etorri zitzaion eta gorputz atalak ukitu zizkion. Emakumearen garrasiek ustezko erasotzailea ihes egitera eraman zuten, eta Udaltzaingoa gizona identifikatzeko lanetan ari da.
Bigarren salaketa uztailaren 31ko goizaldean gertatu zen Antigua auzoko Portuene kalearen inguruan. 30 urte inguruko emakume batek udaltzaingoari deitu zion jasandako sexu abusua salatzeko. Minutu gutxira udaltzain batzuk lekura agertu ziren, eta ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu zuten.
Donostiako Udalak Bozeramaileen Batzordea egingo du gaur, erasoak salatzeko oharra eta elkarretaratzea adosteko.