Indarkeria matxistaren aurrean udalak emandako "atzera pausoak" salatu ditu EH Bilduk
Donostiako Udalak udara honetan eman diren eraso sexisten aurrean eduki duen jarrera eta kudeaketarekin oso kritikoa azaldu da gaur EH Bildu. Hiriko indarkeria matxista kasuen gorakadaren aurrean udal gobernuak “esfortzuak biderkatu baino, atzera pausoak ematen” ari dela adierazi du alderdiak ohar baten bitartez.
Bilbo, Gasteiz, Iruñea, eta Baionako sentsibilizazio eta prebentzio kanpainak areagotzen ari diren bitartean, Donostian abuztu hasieran oraindik udako kanpaina aurkeztu ez izana leporatzen diote udalari.
Eusko Jaurlaritzak argitaratutako 2017ko lehen 6 hilabeteko kriminaltasun balantzearen arabera, Donostian 18 sexu-delitu (iaz baino 10 gehiago) eta 7 eraso sexista (iaz baino 4 gehiago) eman direla gogoratu nahi izan dute EH Bildutik. iaz delitu sexistak jada %9,3 igo zirela ahaztu gabe. Egoera larri honen aurrean Eneko Goiaren udal gobernua “jarrera erreaktiboa” izaten ari dela salatu dute, gai honi “behar duen garrantzia eman” eta “ekintza proaktiboak” sustatu beharrean.
Donostiako Udalak, bere aldetik, bihar goizeko 11:00etan eskainiko den prentsaurreko batean eraso sexisten aurkako festetarako kanpaina aurkeztuko duela jakinarazi du aldi berean.