XXIV. Esoterismo eta Terapia Naturalen Nazioarteko Aretoa hasiko da bihar Miramar Jauregian
Monje tibetarren purifikazio zeremonia batekin irekiko da aretoa, 12:00etan
Donostiako XXIV. Esoterismo eta Terapia Naturalen Nazioarteko Aretoa bihartik aurrera egongo da martxan Miramar Jauregian, abuztuaren 13ra bitarte. Egun horietan zehar, hainbat eratako erakustaldi, tailer, hitzaldi eta kontsultetan parte ahal izango dute bertara gerturatuko direnek. Esoterismoaren munduko bertako eta kanpoko izen ezagunak izango dira Miramarreko aretoetan datozen egunetan. Mikel Lizarralde medium azpeitiarrak, besteak beste, bi hitzaldi eskainiko ditu bertan, larunbatean eta asteartean. Anne Germain britaniarrak, bere aldetik, bi tailer antolatzeaz gain, zuzeneko medium erakustaldi bat eskainiko du jaialdiaren azken egunean. Monje tibetar batzuen purifikazio eta bedeinkapen zeremonia batekin emango zaio hasiera aurtengo edizioari, 12:00etan. Aretoa 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da irekia.