Hiritar Astronomia Topaketa egingo dute Tabakaleran
Abuztuaren 10etik 12ra bitarte, Hiritar Astronomia Topaketa egingo dute Tabakaleran. Hirikilabs, Tabakalerako Kultura Digitala eta Teknologia Laborategiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak elkarlanean antolatu dute.
Hiru egunez publiko orokorrari eta zaletuei zuzendutako jarduerak eskainiko dituzte, besteak beste, familientzako lantegia edota astroargazkigintza hitzaldia.
Astronomian modu zabalago batean murgiltzeko aukera eskaintzeko xedearekin, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean hainbat jarduera antolatu ditu Hirikilabsek: izar-erloju bat eraikitzeko familiei zuzendutako lantegia, Newton erako teleskopio bat eraikitzeko lantegia eta astro-argazkilaritzaren inguruan hitzaldi-solasaldi bat. Ikasitako guztia praktikan jartzeko gauean Perseidak ikusteko irteerak egingo dituzte. Jarduerak aurrera eramateko gonbidatu bereziak izango dituzte.
Topaketako lantegiak eta hitzaldiak doakoak dira, baina aldez aurretik izena eman behar da Tabakaleraren webgunean.