Zezenketen aurkako manifestaziora deitu du Donostia Antitaurina Orain plataformak
Larunbat honetan izango da 18:00etan, Bulebarretik abiatuta
Donostia Antitaurina Orain plataformak zezenketen kontra larunbat honetan egingo den manifestazioan parte hartzera deitu du. “Herri galdeketa orain!” lelopean Bulebarretik abiatuko da martxa, 18:00etan. Manifestazioaren aurreko eta ondorengo egunetarako elkarretaratze isilak antolatu dituzte udaletxe aurrean.
Bi helburu ditu manifestazioak, plataformak adierazi duenez. “Batetik, hiritarrak animaliekiko tratu txarren eta zezenketen kontra daudela adieraztea. Bestetik, udalari festa taurino hauen inguruan herri-galdeketa antola dezala exijitzea”. Halaber, herritarren iritzia ezagutu arte Illunbeko plazan animalien torturarik ez onartzea eskatu dute.
Herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko elkarretaratze isilak egiten ari da Donostia Antitaurina Orain plataforma. Horrela, hilaren 13, 14 eta 15ean udaletxeko sarreran elkartuko dira 18:00etatik 18:30era.
Animalien defentsarako lan egiten duten Gipuzkoako zenbait talde kritiko agertu dira plataformarekin, eta “bloke antiespezita” bat sortzeko deialdia egin dute.