Gazte bat atxilotu dute Donostian, sexu-jazarpena egotzita
Ertzaintzak 19 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo, Donostian adingabe bati sexu-jazarpena egitea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez. Atxilotuak eduki sexualeko mezuak bidaltzen zizkion sarri biktimari, eta kalean jarraitzeari ekin berri zion.
Neskatoak salatu duenez, duela hilabete hasi zen jasotzen ezagutzen ez zuen gizon baten mezuak. Hasieran, mezuek ez zuten eduki sexualik. Gerora, tankera horretakoak bidaltzen hasi zen. Biktima adingabea zela bazekien arren eta bakean uzteko eskaera hainbat aldiz jaso arren, bereari eutsi zion gizonak; are gehiago, neska gaztea kalean jarraitzen ere hasi zen.
Atzo bertan, gaztea inguruan zebilkiola jabetu zen adingabea, eta haren hainbat mezu jaso zituen. Hori ikusita, Ertzaintzaren patruila batengana jo zuen, gertatutakoa kontatzeko. Ertzaintzak gaztea topatu eta atxilotu egin zuen. Epailearen esku utziko dute laster.