Kontxako estropadan parte hartzeko berdintasuna eskatu du Arraun Lagunakek
Arraun Lagunak taldeko emakumeek oharra atera dute Kontxako estropadan parte hartzeko aukera berdintasuna eskatzeko. Donostiako Udalak traineru donostiarraren txartela ukatu izana salatu dute. Aurten, Donostiarrako emakumeek ordezkatuko dute hiria Kontxako estropadan.
Oharra osorik irakurri ahal duzue jarraian:
Etxekoak izan eta atzerritar sentitu. Kuriosoa eta gogorra, baina horrela sentitzen gara Arraun Lagunak Donostiako neskak. Kontxako estropada gerturatzen ari da eta irailari usaina hartzen hasi garen honetan, sentipen hori are eta handiagoa bihurtzen ari da. Hirian hainbeste urtetan kostatu izan den nesken trainerua uretaratzea lortu genuen duela hiru urte eta Donostiako nesken arraunak indarra hartu dezan lanean aritu gara urte hauetan zehar gure taldeak dituen baliabide eskasei aurre eginez. Aurten, goi mailako Euskotren Ligan sartu gara Donostia hiria harrotasunez defendatuz estropadaz estropada. Beste arraun taldeen errespetua eta hitz onak ere lortzen ari gara (eta nola eskertzen diren horrelako gauzak! mila esker!).
Aurten lehen aldiz, Kaiarriba-Donostiarra Arraun Elkarteak nesken trainerua atera du. Gure taldean gauden gehiengoa donostiarrak izanik, mina egin digun proiektua izan da, batez ere gauzak nola egin diren ikusita, baina hori beste kontu bat da eta oraintxe ez dugu horretan sartu nahi. Gure mina, gure inpotentzia eta barrutik sutzen gaituena, udaletxeak hain ezaguna den Kontxako estropadetan etxeko talde moduan Kaiarriba Arraun Taldeko nesken trainerua bakarrik hartzeko erabakia izan da, beraiei emanez donostiarren txartela. Eta gu?? Badakigu ez dugula Kaiarribak duen botere mediatikoa eta are gutxiago ekonomikoa. Donostiako talde xumea gara…bai, eta?? Hau al da udaletxeak ematen digun esker ona?? Orain arte etxeko talde moduan aritu gara Kontxan eta aurten ez gaituzte etxekotzat hartu nahi. Ondorioz, Kontxako estropada aurretik egiten den sailkapen-estropadara joan beharko dugu Kontxako estropadetako txartela irabaztera; Orio, San Juan, Hernani, Hibaika, Deustu, Portugalete, Castreña, Cabo, Chapela eta Meira taldeen moduan. Ezin dugu ulertu nola den posible lehengo urtean, Kontxako estropadetan gurea zen txartela, Kaiarriba-Donostiarra Arraun Elkarteari eman zaion aurten zuzenean beste aukeretan pentsatu gabe.
Indarrean dagoen araudiaren (Donostiako Udala, Donostia Kultura 2017, Donostiako Estropadak- “Kontxako X. Bandera- emakumezkoen modalitatea ”) oinarrietako 2. puntuan esaten den moduan “Donostiako Udaletik bultzatutako traineru bateratuko “Donostiarra” proiektuan sartuta dagoen tripulazioak ordezkatuko du hiria, araudi honen arabera dagokion azken estropadetako txandan parte hartuz”. Eta hau da gaiaren gakoa: Donostiarra izena baldin badu ere, bere garaian mutiletan Donostiarra sortzeko egon zen bateratze akordioa ez da sekula egon emakumezkoen traineru berri honetan, hau da, ezin da kontsideratu traineru bateratutzat, nahiz eta saiakerak egon diren eta Arraun Lagunak beti egon horretarako prest. Beraz, araudi hau ez denez betetzen eta gaur egun Donostian emakumezko bi traineru daudenez, puntu honetako B atalera jo beharko genuke: “Emakumezkoen traineru bat baino gehiago baleude traineru hauen artean sailkapen-estropada egingo da”.
Uste dugu beraiek bezain besteko eskubidea dugula plaza hori hartu eta defendatzeko. Berdintasuna da eskatzen dugun gauza bakarra. Guri arraunlari moduan,Donostiako traineruko donostiar moduan eta Donostiako hiritar moduan, inpotentzia eta amorrua sentiarazten digu injustizia honek. Urte osoan gure klubari, Arraun Lagunak Donostiari, errespetuz udaletxe eta instituzioek egindako itsusikeri guztiak isilpean gordetzen joan gara arraunlariok, baina udaletxeak Kontxako estropadetan Donostiako plaza Kaiarribari emateko erabakia gehiegizkoa iruditu zaigu, oso minduta gaude eta gure ahotsa entzunarazi nahi izan dugu. Udaletxeari erabaki hau birplantzea eskatzen diogu.