"Emakume* Pirata! Ito ditzagun matxitoak gure jaien enbatan!" leloa irakurri daiteke bertan
Donostiako Piratak muralaren aurkezpenean (Argazkia: Iñaki Agirre)
Sexu erasotzaileen kontrako mural bat aurkeztu dute gaur goizean
Donostiako Piratek kaiko “La Flamenka” gunean. Kolektiboko emakumeek sortu dute murala, aurten gertatutako eraso sexisten harira.
“Emakume* Pirata! Ito ditzagun matxitoak gure jaien enbatan!”, dio irudiak. Emakumeen arteko aliantzak “sortzeko eta sendatzeko” elkartu dira jaietan zehar ikusgai egongo den mural honen sorreran.
Hurrengo oharra irakurri dute kolektiboko kideek “La Flamenkan” egin duten aurkezpenean:
“Emakume* piratok prest!
Hastear da 15. Aste Nagusi Pirata. Urte hau gogoangarria izango da: batetik, 15
urte betetzen ditugulako, eta, bestetik, aurten orain arte mugimendu barruan gertatu
diren hainbat eraso sexista azaleratu direlako. Albiste horrek haserretu eta amorratu
egin gintuen, baina, era berean, batu ere egin gaitu. Horregatik, elkartu egin gara
emakume* piratok, gure arteko aliantzak sortzeko eta sendatzeko.
Sorkuntza lagun izanik, hainbat kofradiatako emakumeok eskuak batuz, pintzelak hartuz
eta elkarrekin denbora emanez, zertzelada bakoitzarekin, gure arteko babes-sarea
irudikatu nahi izan dugu mural honetan, eta, horrela, gure erantzuna eman nahi izan
diegu gertatu diren eraso sexista guztiei. Subjektu kolektibo bihurtu gara, eta Ezkilarekin
batera ehunka emakume gaude prest. Mural hau La Flamenkan egongo da, gogoan izan
dezagun ez dugula eraso sexista bakar bat ere onartuko, eta halakorik gertatuz gero,
denok elkartu eta autodefentsa feminista erabiliko dugula, inoiz baino indar
handiagoarekin.
Gogor eta gogoz jarraituko dugu arraunean Donostiako Piratok eraikitzen ditugun
espazioak eraso sexistarik gabekoak izan daitezen, eta gure gune eta harremanak askeak
eta feministak izan daitezen. Izan ere, jaiak feministak ez badira ez dira jaiak izango. Ez
behintzat guretzat.
Prest eta gogotsu gaude jaiak plazerez, elkar babestuz, elkarlanean, errespetuz eta
askatasunez bizitzeko. Erasoen aurka, autodefentsa feminista erabiliz elkarrekin
erantzuteko. Badakigulako dagoeneko ez gaudela bakarrik: emakume* pirata eta
feministok ehunka gara, eta edonon gaude, erne eta prest. Matxiruloak, ito egingo
zaituztegu!”
DONOSTIAKO PIRATAK