Enbataren ondorioz eta segurtasuna bermatze aldera, Kaitik ez ateratzea erabaki dute antolatzaileek; halere, bikain pasa dute uretan egon direnak.
Lide Ferreira
Donostian 35 gradutik gora egin ditu gaur, eta gustura sartu dira 240 baltsetako piratak uretara. 17:00ak baino minutu batzuk lehenago, itxaroten ari ziren partaideak euren baltsen bila joan dira, gutxinaka, hiria abordatzeko asmoz. Eguraldiaren iragarpenak, ordea, segurtasuna bermatzera behartu ditu antolatzaileak, eta uretan zeuden pirata guztiak Kaian geratu behar izan dira; ez dira Kontxaraino iritsi. Halere, umore ona izan da nagusi eta primeran pasatu dute uretan zein ikusle gisa egon direnak. Freskatuta irten dira uretatik eta, DJ batzuen musikarekin, kalejiran joan dira denak Kaitik eta Parte Zaharretik.