Celestino Urruzmendi, Juan Mari Arzakekin batera. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Eguzkiak gogor jotzen zuen gaur goizean, baina horrek ez ditu sukaldari donostiarrak kikildu. Aste Nagusiko Tortilla Lehiaketa egin dute Miramar jauregian, eta 300 tortilla aurkeztu dira lehiara. Horien guztien artean, Igeldoko Celestino Urruzmendiren tortilla izan da txapelduna, puntako sukaldariek osatutako epaimahaiak hala erabakita. Urruzmendik tortillaren osagaien berri eman dio IRUTXULOKO HITZAri: Patata, tipula, piper berde bat eta Koipesol olioa. Kontxako estropadak Igeldotik ikusteko hasi zen Urruzmendi tortillak egiten: “Anaiekin eta lagunekin joaten ginen, eta nik eramaten nuen tortilla. Batzuk zioten tipula gehiegi erabiltzen nuela, besteak beste zerbait…”. Kontuak kontu, bi lagunentzako Kanarietarako bidaia irabazi du gaurkoan Urruzmendik, baina oraindik ez du erabaki nor joango den oporretara.
Lehen ere behin parte hartu zuen Urruzmendik lehiaketan, duela urte asko, Perlan egiten zutenean. Tortilla utzi zuen, eta joan egin zen. Urte hartan irabazlea ez omen zen azaldu, eta susmoa dute ea bera izan ote zen txapelduna ordukoan ere. “Nik tortilla utzi nuen eta ez zidaten esan han egon behar nuenik!”, oroitu du. Ordutik berriz ere ez zuen parte hartu: “Gaur banuen esperantza, baina aurrenekoa geratzeko ez behintzat”.
Celestino Urruzmendi, erdian, bere senitartekoekin batera. (Argazkia: Estitxu Zabala)