"Ekologismoaren aldeko apustua Piratetara ere ekartzeko beharra ikusi genuen"
Donostiako Piraten Mugimenduan naturarekiko errespetua eta kontzientziazioa bultzatzeko asmoarekin sortu zen Aingura Kofradia. Ekologismoaren aldeko apustua Piratetara ere ekartzeko beharra ikusi genuen, hau da, iraunkortasunean oinarrituriko jai eredu bat sustatzeko beharra.
Sorreraz geroztik, kofradia pixkanaka handituz joan da eta ikuspegi ekologista sustatzeko hainbat jarduera antolatu ditugu: Libertalia, bertakoak eta ekologikoak diren produktuekin egindako bazkariak, aire librean antolaturiko ekintzak (parkour tailerra, esaterako)… eta gure ekitaldi kuttunena: Bizifesta! Donostiako gune autogestionatu desberdinetatik igarotzen den bizikleta martxa!
XV.urteurrenari begira, iraunkortasunaren alorrean aurrerapauso handiak eman direla ikusi dugu: Abordatzeko bazkaria bertakoak eta ekologikoak diren produktuekin egiten da, barran bertako garagardoa eta txorrotako ura eskaintzen dira, komun kimikoen kopurua murriztu egin da, eta abar. Norabide horretan, datozen urteetan Aingura Kofradiatik lanean jarraituko dugu Aste Nagusi Pirata jai eredu erabat iraunkorra bilakatu arte!
Aingura kofradia