Gros pirata da, Gros Ubarroia da, eta Donostia abordatzera goaz!
Auzotik eta auzoarentzat, hau da Ubarroien lelo nagusia. Argi dugu Donostiak auzoetan duela oinarria eta horregatik Aste Nagusi Piratak kai mordoa duela, gure kasuan Gros. Auzoa abordatu eta kalearen erabilera herrikoi eta herritarra aldarrikatzen dugu gure auzokideekin batera. Txofre plazako kanoikadarekin batera ematen diogu hasiera jaiari gurean eta hortik aurrera piraton izaera errebeldea gure kaleetan zehar barreiatzen dugu; Ubarroi Eguna da honetarako egun handiena, baina bestelako ekimenak ere burutzen ditugu.
Aurten lehen danborrada pirata burutuko dugu, jada 100 pertsona inguruk eman dute izena eta Kaitik aterata, Grosen lehorreratuko da piraton jaia danbor hots indartsuz. Grosen aspaldi gara jakitun, lur-azpian altxorra dugu; gure auzokideen esku, buru eta bihotzetan ehunka pirata dago, eta ezarritako jai eta hiri eredu horretatik harago auzo errebeldea. Gros ez da uste den auzo pijoa, Gros pirata da, Gros Ubarroia da, eta Donostia abordatzera goaz!
Ubarroiak kofradia