"Jaraneroak gara gu. Taberna zuloak itxi eta katxondeo nahiak jota, harresiz kanpo biltzen garen azken patapaloak"
Hamabost urte beteko dira aurten zoro zoragarri batzuek jai eta, zergatik ez, hiri eredu parte hartzaile, aske, desobediente eta umoretsu baten alde belak zabaldu zituztenetik. Bihurri, pirata, Dono$tia abordatzen ibili gara ordutik.
Marraz kanpo margotu dugu, arautik atera gara, gureak, herriarenak, diren espazioak aldarrikatu ditugu. Eta berriak sortu ere bai. Ikusle soil izatetik, eragile izatera pasa gara. Kolore berriekin ausartu gara, eta inoiz lehenago inork margotu ez duen ostadarra irudikatu dugu marko, ustez inkonparable, zuri-beltz batean.
Biderkatu gara, ehunka, milaka gara; gure herriko urrutiko intxaurrak bezala. Antolatu gara, bizkarrezurra tinko mantenduko duten kofradietan banatu gara. Horietako baten betaurrekoetatik idatzita daude lerrook:
JARANEROak gara gu. Taberna zuloak itxi eta katxondeo nahiak jota, harresiz kanpo biltzen garen azken patapaloak. Ez ditugu jaiak ulertzen hauen parte izan gabe, jaiak guk, herritarrok antolatu nahi ditugu. Herritik eta herriarentzat.
Auzo eta zonalde ezberdinetako piratak gara, auzolanak elkarturikoak. Jaiak bizi gaitu, eredu berri baten alde lan egin eta borrokatzeak. Hauxe da Dono$tia honen errealitateak eskaintzen digunaren aurkako gure babesa. Badugu zeri kantatu, eta badugu nori kontatu.
Zarata egitera gatoz, entzun gaitzatela. Guneak, mojito eta baloi artean, musikaz, kantuz eta irriz blaitzera. Baina lanera gatoz ere bai, batu gaituen altxorra defendatu eta haren alde borrokatzera. Lau zoro zoragarri horiek ekin zioten bideari eustea da gure ERRONKA, auzolana gure TRESNA eta Aste Nagusia gure PLAZA.
Hamabost urte eman ditugu arraunean, baina gu ez gara nekatu, egiten dugunean sinesteak egiten gaitu garaiezin. Iparrorratza gure ametsetako Donostian jarrita daukagu, eta etorkizuna abordatzen jarraituko dugu.
Egin dezagun topa jaien defentsan, goizak harrapatu baino lehen! Izan pirata, IZAN JARANERO!
Jaraneroak kofradia