Orain arteko jaien balorazioa egin du Donostiako alkate Eneko Goiak. (Argazkia: Lide Ferreira)
Donostiako Udalak Aste Nagusiko ohiko hamaiketakoa egin du jaien erdian, hain zuzen ere, jaietan lanean diharduten eragileei eskerrak emateko eskainitakoa. “Jai giroan elkarrekin egoteko aukera dugu gaur. Eskerrik asko erakunde, eragile eta enpresa guztiei. Zuen parte hartzea oso garrantzitsua da festen antolakuntzan; zuek gabe, ezinezkoa litzateke Aste Nagusia”, nabarmendu du Donostiako alkate Eneko Goiak.
Jaien erdian, balorazioa
Pixka bat lehenago, Goiak Aste Nagusiko balorazio bat egin du.
Sexu erasoaren salaketa aipatu du lehenik: “Zuhurtziaz jokatu behar dugu, Ertzaintza oraindik egoera aztertzen ari delako, baina salaketa bat egon denez, errepikatu nahi dugu ez hemen, ez inon, ez dugula sexu erasorik onartuko.
Horrelako jarrerak gaitzesten ditugu guztiz“.
Horretaz gain, jaiak bikain burutzen ari direla esan du alkateak: “Larunbatean hasiera eman genien, modu bikainean, jendez beteta, eta giro ederrean. Horixe da garrantzitsuena, jaiak gozatzeko baitira. Bestalde, programazio guztia ondo betetzen ari da, jendearen parte hartze nabarmenarekin eta ekitaldi desberdinekin. Aukera ugari daude hiri guztian zehar, eta sexu erasoa salbu, ez da gertakiririk egon. Eguraldi ona izan dugu lagun hasieran. Tarte batez euri pixka bat izan dugu, baina, edozein kasutan, badakit giro aparta izaten jarraituko dugula. Beraz, balorazio baikorra egiten dut; jaiak parte hartzaileak eta alaiak izaten ari dira”.