"Gehienok gara hasiberriak; Aste Nagusi pirataren atzean dagoena ezagutzen ari gara".
Eskifaia gazte kofradia, izenak dioen bezala, neska-mutil gazteez osatutako kofradia bat da eta, orokorrean, gehienok hasi berriak gara Aste Nagusiko piraten atzean dagoena ezagutzen. Lehen, Aste Nagusia abuztuko bigarren asteburuan hasten zitzaigun (donostiar gehienei bezala); orain, ordea, apirilean hasi gara Aste Nagusiko prestaketekin. Eta Aste Nagusikoa azpimarratu nahi dugu, bestela urte osoan zehar biltzen baikara mila eta bat erabaki hartu behar direlako.
Apirilean Eskifaitarron egitaraua zehaztu genuen. Batzuk Eskifaiaren eskutik, beste batzuk beste kofradiekin elkarlanean. Hortik aurrera lantaldetan banatu eta prestaketari egurra ematera! Bada Pirritx eta Porrotxen abesti bat: “Piraton bizitza hoberena da, eskolarik gabe, lanik gabe, ron botilarekin.”. LANIK GABE? Onartzen dugu beste guztia horrela dela… kar, kar, kar…
Tasekin arazoak egon direla argi eta garbi geratu da, baina, eskifaitarrok garbi dugu bai kofradia barrukoen artean eta baita beste kofradia eta piraton artean giro ona egonez gero tasekin ala gabe Aste Nagusi pirata duin, alai, euskaldun, parekide eta bihurri bat aterako dela.
Eskifaia gazte kofradia