"Jaiak feministak izango dira, ala ez dira jai izango"
Jaiak feministak izango dira, ala ez dira jai izango. Ez, behintzat, denontzat. Jaiek askatzaileak behar dute izan: arauak apurtu eta bide berriak urratzeko tresnak. Horren zalantzarik ez dugu sardiñerok, eta ilusio handiz prestatu dugu, horregatik, 15. Aste Nagusi Piratarako egitaraua.
Trivial feminista, zine saioa, desheterosexualizazio tailerra, afari erotikoa edo Sardiñerria: aukera ederrak izango dira gizarte hetero-patriarkal honen kontraesanak azaleratu eta muturrera eramateko. Eta baten batek pentsa lezake, akaso, erradikalak garela… eta ez da oso oker ibiliko, baina Ane Labakak eta Bea Egizabalek “bertsotan eta berritsuketan” azalduko digutenez, ziurrenik, “nahi eta behar baino gutxiago”.
Ez al du Dono$tiak astindu on bat behar? Kofradia sortu zuten sardiñerek izerdiak bota dituzte parrandan, eta ondo baino hobeto erakutsi digute sardiñera eta sardinistoi aldaka kolpe on batek eragin dezakeen astindua: ezin badugu egin dantza, ez baita gure iraultza.
Sardiñerak kofradia