Udalak gaitzetsi egin du salatutako sexu erasoa
Emakume batek sexu eraso bat jasan izana salatu zuen atzo, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Asteartean goizean goiz eman zen erasoa, Urgull mendiaren inguruan. Gertatutakoa ikertzen dabil orain polizia. Bada, salaketa horren aurrean, udalak bere gaitzespena erakutsi nahi izan du gaur goizean egindako hamaiketakoan, adierazpen instituzional baten bidez. Ondoren, minutu bateko isilunea egin dute udalbatza aretoan.
Eneko Goia alkateak azaldu duenez, udalak erabateko irmotasunez gaitzesten ditu mota honetako erasoak: “Gure hirian gertatutako indarkeria matxistak eragindako beste gertaera bat izan da”. Hala, udalak babesa eta elkartasuna adierazi nahi izan die “eraso tamalgarri honen biktimari, baita bere familiei eta hurbileko ingurukoei ere. Udalak biktimaren esku jarri nahi ditu arreta zerbitzuak, babes juridiko, soziala eta psikologikoa eta behar duten laguntza guztia”.
Horrelako erasoak gizartean oraindik nagusi diren indarkeria matxistaren eta genero desberdintasuneko jarreren adierazpenik higuingarrienak direla esan du alkateak. Hori dela eta, uste du ezinbestekoa dela lanean jarraitzea, “gizartea eta hiriko giza eragileekin batera, balioetan oinarritutako heziketaren eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde. Beharrezkoa da, halaber, azpimarratzea horrelako jarrerak eragiten dituzten faktoreetan egunez egun esku hartzen jarraitu behar dela”.