Turismo ereduaren aurkako manifestazioa egin dute
"Zuen turismoa, gazteon miseria!" lelopean
Gaurkoan, kalera atera gara, azken asteetan jasandako manipulazio eta kriminalizazioen gainetik, eta argi esango dugu: Donostiarrok jasaten dugun turismo ereduaren aurka gaude. Herritarrongan, langileon bizi eta gorputzetan eragin zuzena duelako. Eta horregatik, gaiaren inguruko eztabaida mahai gaineratu nahi izan dugu.
Turismo eredu honen aurka gaudela esan dugu; turistak lehenetsi eta herritarrok bigarren mailako biztanle egiten gaituen ereduaren aurka. Auzoetako egiturak suntsitu eta harreman sozialen ehundura ezinezko egiten duten multinazionalen aurka gaude; kalean eta kaleez bizitzen uzten ez digun masifikazioaren aurka; turisten erdararen ondoan euskara baztertzearen aurka; auzoetako komertzio txikiak desagertzearen aurka; herritarron beharrak erantzungo dituzten zerbitzuak alde batera utzi eta turismoan gehiago inbertitzearen aurka …
Ernesto Gascoren hitzetan, turismoak aberastasuna dakar gure hirira, eta gainera, lanpostuak sortzen direla turismoari esker. Kalitatezko turismoa deitzen diote honi. Baina nork erreparatzen dio lanpostuen kalitateari? Gazteok ondo asko dakigu zein motatakoak diren turismoaren bueltan sortzen diren lanpostuak: kontratu labur edo partzialak (kontraturik egotekotan), beltzean ordaindutako soldatak, ordu extrak (askotan kobratu gabe), gau edo asteburuetako ordutegi negargarriak … eta horiek guztiak, gazteok lanpostua lortzeko dugun beharrarekin asetzen dituzte. Gascoren kalitatezko turismoak gazteon bizitzak prekarizatzen ditu nabarmen. Soldata eta baldintza miserable hauekin lehenagotik ere zaila bazitzaigun emantzipatzea, turismoak etxebizitzen prezioan izandako eraginak ezinezko bihurtu du. Izan ere, pisu turistikoen eskaintzak izugarri igo du alokairuen prezioa, eta ondorioz, ezinezko egiten zaigu gure bizi proiektua gure auzoetan garatzea. Auzo eta herrietatik kanporatuak izaten ari gara! Beraz turismoaren kontura gutxi batzuen poltsikoak betetzen ari diren bitartean, gazteon bizi-kalitatea jokoan jarri dute; ez diezaiotela honi kalitatezko turismoa deitu!
Hala ere, ulertu nahi ez duenak ulertuko ez duen arren, berriz ere esango dugu ez gaudela turisten aurka, turismo ereduaren aurka baizik. Izan ere, badakigu aipatu ditugun horiek guztiak eredu honen ondorio besterik ez direla. Jakin badakigulako hau ez dela urtaro kontua, kapitalismoa baizik. Turismo eredua ez da arazo sektoriala, sistematikoa baizik. Donostian, beste hainbat hiri eta herritan bezala, kapitalismorik basatienak turismoaren forma hartzen baitu. Turismoaren aitzakian kolpatuak gara langileak, eta isilaraziak gazteak. Postaletako hiriak nahi baitituzte, eta horretan, ez dugu tokirik eredua zalantzan jartzen dugunok, sistemaren aurka altxatzen garenok. Izan ere, berriz diogu, turismoaren arazoa ez da sektoriala, sistemarena baizik. Eta hori horrela, ezinezkoa da turismo ereduaz hitz egitea, hiri eta herri ereduaz hitz egin gabe.
Herri ereduaz ari garenean, herritarron herriaz ari gara. Bizitzak erdigunean jarriko dituen eta herritarron mesedetan eraikiko den herri proiektu burujabeaz. Eta honi kontrajartzen zaio egungo eredua, zeinetan gutxi batzuen interes politiko eta ekonomikoen truke herria salgai jartzen den. Honek erantzule zuzenak ditu, eta ez da kasualitatea erantzule berberak direla salatzen dugun turismo eredua sustengatzen dutenak: multinazionalak, elite ekonomikoak, burgesia … eta horien mesedetan agintzen duten PNV-PP-PSOE-ko jauntxoak. Gazteok argi dugu, Euskal Herria ez dago salgai!
Badakigu Urkullu eta Rajoyren postaletan ez dugula tokirik. Ez dugu tokirik ez garelako isiltzen, ez gara isilduko Eneko Goiaren Donostia elitista, inpolutua eta ordenatua asaldatuko badugu. Tapia, argi diogu, guk ez dugu aitzakiarik behar kalera ateratzeko.Inoiz baino arrazoi gehiago dugu kaleak hartzeko. Eta zuek, beldurra diozue horri; preziatua duzuena zalantzan jartzen du herritarrok kaleak hartzeak. Eta oraingoan, Denis Itxasoren urrezko arrautzen oiloa ukitu dugun honetan, urduritu egin dira. Ordea, eztabaida desbideratzeko eginahalak egin dituzte, baina hiri ereduaren gaia lehen lerroan dago jada. Gazteon protesta eta aldarriak gutxietsi dituzten guzti horiei esan nahi diegu ez garela bakarrak: guk turismo ereduaz hitz egin aurretik, auzo elkarteek, gazte taldeek, jai batzordeek, komertzioek … mahai-gaineratu izan dute turismoaren gaia, eta zuek entzungor egin duzue.Eta orain, aditzera eman nahi izan duzue hemen ez dagoela arazorik, gutxi batzuk arduratzen gaituen arazoa dela hiri ereduarena. Borroka moldeen eta formen eztabaidan korapilatu nahi izan gaituzue, edukitan sartzea galaraziz. Baina berandu da, eztabaida kaleetan dago, aldaketa guztiak hasten diren tokian.
Eta gazteok kalean jarraituko dugu. Turismofobiaz ahoa berotu dutenengan beldurra ikusten dugu; beldurra aktibazio sozialari, mobilizazioei, finean, sistema zalantzan jarri eta kalera ateratzen den orori. Gazteoi. Eta horregatik, mass-media osoa gure aurkako manipulazio eta kriminalizazio kanpaina egitera bideratu dute. Gutxietsi eta infantilizatu egin gaituzte, gure argudioak aitzakiatzat hartu. Besteren baten txakurkume garela entzun behar izan dugu, besteren baten agindupean gaudela. Baina gu ez gara inoren menpeko, gazte konprometituak gara, kontziente eta aktiboak. Ezker Abertzaleko militanteak gara. Eta kaleetan jarraituko dugu, zilegi diren moldeak erabiliz, gure hitza entzuna izan dadin borrokatuz. Haien postalen atzean, auzo eta hiri biziak nahi ditugulako, HERRIA BIZIRIK dagoelako.