Satorralaia bizilagunen mugimenduak elkarretaratzea deitu du biharko (hilak 29). Miramarren egingo dute protesta, Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluaren aurrean. Goizeko hamarretan elkartuko dira Mirakontxako sarreran, metroaren pasantearen aurkako oposizioa adierazteko eta “Donostiarentzat garraio publikoko eredu egokienaren inguruan eztabaida publikoa eta erabaki prozesu partehartzaile bat ireki dezan” eskatzeko.
Metroaren igarobidea egitasmo xahutzailea dela uste du Satorralaiak: “Proiektu hori eraikitzen lehenago ere saiatu zirelarik, Ana Oregi sailburu ohiak obra faraonikotzat jo zuen eta bertan behera utzi zen. Jaurlaritzak ezin du indarrez nahi duena inposatu: nola hitz egin dezake herritarren partaidetzaz, hirian desadostasun nabarmena pizten duen egitasmo honen auzian gizarteak parte hartu ahal izateko bide guztiak ixten dituenean?”.
Hurrengo astean ere kalera aterako dira protesta egitera, irailaren 6an, asteazkenean. Donostiako udaletxearen atarian goizeko hamarretan protesta ekintza bat egingo duela iragarri du Satorralaiak. Metroaren Lugaritz-Mirakontxa tartea eraikitzeko ondasunak okupatu aurreko aktak sinatzeko ekitaldia salatuko dute.