Donostiarrek 1936ko gerran bizi izan zutena oroituko dute antzerkiaren bitartez
Beharrezkoa da aurretik izena ematea. Informazio gehiago jakin nahi izanez gero, 943 456 000 telefonora deitu daiteke, www.komazk.com webgunea bisitatu edo mezu bat bidali helbide honetara: info@komazk.com
Donostiako Udalaren Giza Eskubideen sailak bultzatuta, 1936ko gerraren gune nagusiak eta gertatutako bizipenak gogoratzeko ibilbide antzeztuak egingo dira iraileko lehen lau larunbatetan. Gudak hirian utzitako arrastoa eta izandako gertaera nagusiak gogoratzea da ‘Oroimenaren bidea’ izeneko egitasmoaren helburu nagusia.
Bisitaldi hauek iaz egin ziren lehen aldiz. Arrakasta handia izan zuten, eta beraz, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen sailak bere programan sartu ditu berriro.
Giza Eskubideen zinegotzi Juan Ramon Vilesek azaldu du omenaldi bat dela, “gerra zibil hartako hondamendia zuzen edo zeharka pairatu zuten pertsona guztiei egina. Horrela, gure historiaren kapitulu triste hartan protagonista izandako lekuak eta pertsonak ezagutu eta memoria mantendu daitezen”.
Bi aktoreren eskutik, 1936ko uztailaren 18tik —egun hartan hasi baitzuten frankistek Errepublikaren aurkako erasoa— hiria erori zen arte donostiarrek izandako bizimodua, beldurra eta itxaropena interpretatuko dute. Antzezleak Maria Alonso del Val eta Alvaro Garayalde izango dira eta gidoia Xabier Lopez Askasibarrek idatzi du.
Doako ibilbidea Easo plazan hasiko da, eta, ondoren, San Jose ikastetxea, Askatasunaren hiribidea, Maria Kristina hotela eta Zurriolako zubia bisitatuko dira. Bisitak iraileko larunbatetan egingo dira 18:00etan: irailaren 2, 16 eta 30ean, gaztelaniaz eta irailaren 9an eta 23an euskaraz.
Irteera Easo plazan izango da, eta ordu eta erdiko iraupena izango du. Emanaldiko 25 pertsonako taldea osatuko da, gehienez.