Euskalgintzak rol aktiboa hartzeko asmoz, aktibotasun hori sustatu duten proiektu eta praktikak jaso ditu.
Bargera elkarteko kide eta bildumaren egile Idoia Trenor, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendari Mikel Irizar eta Donostiako Udaleko Euskara zerbitzuko zuzendari Edurne Otamendi. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia)
Herritarren hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera bultzatzeko asmoz, tokiko hainbat esperientzia biltzen dituen liburua aurkeztu dute.
Bagera elkarteak landutako bildumaren helburua da
euskalgintzaren rol aktiboa oinarria duten proiektuak jaso, aztertu eta ezagutzera ematea, antzekoak bultzatu nahi dituzten elkarte eta mugimenduentzako erabilgarri izan daitezen. Azken batean, proiektu honek jasotzen ditu euskalgintzaren aktibotasuna sustatu duten ekimen eta praktikak. Lan hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin egin du Bagerak.
Hizkuntza ohituretan eragiteko esperientzien bilduma
lanak bi atal ditu. Batetik, tokiko aktibazioa oinarri hartuta,
euskararen erabilera bultzatzeko abian jarritako hamar ekimen aztertu eta jasotzen dira; tartean, Añorga, Astigarraga, Egia, Hernani, Lasarte-Oria eta Donostiako Piratetan garatutakoak. Gainontzekoek Agurain, Aiaraldea, Arrigorriaga eta Trapagaranen martxan jarritako egitasmoei egiten diete erreferentzia. Hala azaldu dute, gaur goizean Foru Aldundian egindako prentsaurrekoan, Bargera elkarteko kide eta bildumaren egile Idoia Trenorrek, Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendari Mikel Irizarrek eta Donostiako Udaleko Euskara zerbitzuko zuzendari Edurne Otamendi.
Hizkuntza ohituretan eragiteko beharra
Testuinguru horretan, hizkuntza ohituretan eragiteko beharra nabarmendu du Mikel Irizarrek: “Euskararen biziberritze prozesua bidegurutzean dago. Eta arriskua badugu bertan etsita geratzeko. Horregatik, egitasmo berri eta berritzaileek behar dute izan aurrera egiteko gakoa”. Bere esanetan,
euskararen erabileran ekiteko eta eragiteko beharra dago, indarrean dauden “hizkuntza ohiturak euskararen mesedetan aldatu eta hizkuntza berdintasunean sakontzeko. Tokiko aktibazioa, ekimen soziala eta berrikuntza oinarri duten egitasmoek horretarako bidea erakusten digute”. Hala, bildumak dagoeneko abian jarritako esperientziak aztertu eta ezagutzera emateko parada eskaintzen duela nabarmendu du.