Arraun Lagunak taldeko neskak, gaur, Donostiako kaian. (Argazkia: Malen Aldalur)
Denboraldi osoan bezala, bikain aritu dira San Juan taldeko emakumeak, eta denborarik onena egin dute Kontxako Banderaren sailkatze estropadan. Gertu izan dute Hibaika bigarren ontzia; zehazki, lau segundo eta erdira. Beraien atzetik geratu dira Mecos, Orio, Arraun Lagunak, Hernani eta Deustu. Mecorekin zalantza zegoen, baina galiziarrak indartsu etorri dira eta Euskotren ligakoen mailara iritsi ez ezik, hainbat traineru gainditzea ere lortu dute.
Azken postuengatik tentsioa egon da, eta horren lekuko izan da ziaboga: Deustu, Hernani eta Cabo parean egon dira. Azkenean, segundo erdi batengatik sailkatu egin da Deustu, eta kanpoan geratu da Cabo. Arraun Lagunak taldearen lorpenarekin, Donostiako emakumezkoen bi traineru ariko dira lehen aldiz Kontxako Banderaren lehian. Lehenengo jardunaldia igandean izango da, 11:00etan. Lehen txandan Donostiarra, Hibaika, Orio eta Mecos ariko dira. Bigarrenean, berriz, Hernani, Deustu, Arraun Lagunak eta San Juan.
Gizonezkoei dagokienez, Kontxako estropadan aritzeko txartela lortzeko lehiatu diren 24 talderen artean, zazpi sailkatu dira: Bermeo-Urdaibai, Hondarribia, Orio, Kaiku, Zierbena, Tiran eta San Juan, hurrenez hurren. Emakumezkoen sailkatze estropadan gertatu bezala, zazpigarren eta azken txartela oso lehiatua izan da. Azkenik, sanjuandarrek lortu dute saria. Zazpi ontzi sailkatuekin batera ariko da Donostiarra. Gizonezkoen 120. Kontxako Banderaren lehen jardunaldia igandean izango da, 12:00etan. Lehen txandan Kaiku, Orio, San Juan eta Zierbena izango dira nor baino nor. Bigarren txandan, aldiz, Bermeo-Urdaibai, Tiran, Hondarribia eta Donostiarra.
Sailkatze estropadaren emaitzak
Emakumezkoak
1. San Juan. 11:09.68
2. Hibaika. 11:14.20
3. Mecos. 11:20.18
4. Orio. 11:24.80
5. Arraun Lagunak. 11:29.22
6. Hernani. 11:36.40
7. Deustu. 11:44.32
Gizonezkoak
1. Bermeo-Urdaibai. 19:51.62
2. Hondarribia. 19:55.48
3. Orio. 19:57.68
4. Kaiku. 20:00.88
5. Zierbena. 20:07.02
6. Tiran. 20:09.70
7. San Juan. 20:13.86