Donostiako etxebizitza turistikoen ordenantzak hiru gune bereiziko ditu
Parte Zaharrean pisu turistiko berriak ezartzea debekatuko du udalak
Donostiako Udalak pisu turistikoen ordenantza aurkeztu du. Eneko Goia alkateak eta Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak gaur bertan onartu duten araudi berriaren xehetasun nagusiak azaldu dituzte. Hiria hiru gunetan bereiziko du ordenantza berriak –A, B eta C–, eta bakoitzean erregulazioa desberdina izango da.
A eremua Parte Zaharra eta Portuari dagokiona izango da. Bertan ezin izango da etxebizitza turistiko berririk ezarri, eta ezin izango dira gelak erabilera turistikorako alokatu. Baimena duten pisu turistikoek, ordea, jardunean segitu ahal izango dute.
B eremuak Gros, Amara –Pio XXI arte–, Frantzia pasealekua, Egiako eta Antiguako zati bat hartuko ditu. Eraikineko etxe turistiko bakarra onartuko dute, lehen solairuko legea betez. Ezin izango da etxe turistikorik egon aurreneko solairutik gora, salbuespen batekin. Lehen solairutik gorako etxe batek erabilera turistikoa izan dezake, azpian erabilera tertziarioko etxebizitza bat –denda bat, hortz klinika bat, bulego bat– baldin badu.
C eremua, azkenik, hiriaren gainontzeko zatiarena izango da. Eraikinaren garaiera eta azaleraren arabera onartuko dira pisu turistikoak. Hau da, malgutasun handiagoa izango dute.
Goiak adierazi duenez, gaur egun 1.200 etxebizitza turistiko daude Donostian, Eusko Jaurlaritzaren erregistroaren arabera. Horietatik soilik %27ak iraun dezake araudiaren arabera. Bestalde, udalak iragarri du etxe turistikoen inguruko tasa bat ezarriko dutela, eta ordenantza betetzen ez dutenek 50.000 euro bitarteko zigorra jaso ahal izango dutela. Hain zuzen ere, hamar lagunez osaturiko lan taldea arduratuko da etxe turistikoen ordenantzaren ikuskaritzaz. Udaltzaingoko bost kidek eta Hirigintza saileko beste bost teknikarik osatuko dute taldea. Ordenantza berria urtarrilerako indarrean jartzea espero du udalak.
EH Bilduren balorazioa
Etxe turistikoen ordenantza aurkeztu ondoren, EH Bildu taldeak lehen balorazioa eskaini du. Amaia Almirall bozeramaileak salatu du ordenantzaren inguruko orririk ez dutela jaso. “Informazio kontraesankorrak baino ez ditugu jaso, bide ezberdinetatik”. Horrekin batera, azpimarratu du une honetan Donostian legez kanpoko 1.500 pisu turistiko daudela. “Egungo araudia betetzen ez bada, zaila iruditzen zaigu ordenantza berriarekin bete ahal izatea”, esan du Almirallek. “Legez kanpokoak ixten ez badituzte, ordenantza berria amnistia ezkutua da”.