Gaur ireki dute izena emateko epea eta irailaren 21era arte egongo da zabalik.
Ikasle talde bat, euskara ikasten. (Argazkia: Lide Ferreira)
Aurreko urteetan bezala,
Donostian erroldatuta dauden langabeek doako euskara ikastaroak egin ahal izango dituzte udazkenean. Parte hartzeko izen emate epea zabalik dago jada, irailaren 21era arte.
Hiriko edozein euskaltegi homologatuan egin daiteke.
Ikastaroak
urriaren 5ean hasi eta abenduaren 4an bukatuko dira.
Egunero, 3 orduko eskolak jasoko dituzte, astelehenetik ostiralera,
10:30etik 13:45era. Guztira, 120 ordu. 18 urtetik gorako langabe donostiarrek eman ahalko dute izena eta eskola guztietara joatea nahitaezkoa izango da.
Aukera gehiago
Ikastaroen helburua da euskalduntzea indartzea eta gizartean egoera okerrean daudenei euskara ikasteko aukera erraztea. Halaxe adierazi du Euskara zinegotzi Miren Azkaratek: “Behar handiena dutenei erraztasunak eman behar zaizkie, baita euskara sustatzeko garaian ere.
Langabetuek euskara ikasten badute, etorkizunean lanerako aukera gehiago izatea espero dugu. Iaz 30 ikaslek doako ikastaro horiek bukatu eta gero, euskara ikasten jarraitu zuten, motibatuta aritu diren eta euskara gaitasunean aurrera egin duten seinale”.