Lasarteko Oreka taberna
Osagaiak
Ogi barra 1
Tipula 1
Piper berdea 1
3 xerra urdaiazpiko
100 gramo txipiroi
Olioa
Baratxuriak
Esnea
20 langostino buru
Prestaketa
Oreka tabernako Kraken ogitartekoa egiteko honako jarraibideak segi behar dira: hasteko, beharrezkoa da tipula karamelizatzea ogitartekoaren oinarria egiteko; horretarako, tipula xerra finetan moztu eta oliotan bustitako kazola batean jarri behar da su baxuan pare bat orduz.
Ondoren, txipiroiak irinetan arrautzaztatu eta frijitu. Behin tipula eta txipiroiak prest daudela piper berdea frijitu eta urdaiazpiko hiru xerra plantxan pasa.
Ogiaren gainean tipula karamelizatua jarri; ondoren, piper berde frijitua; gero, urdaiazpikoa; eta, azkenik, txipiroiak.
Dena ogi artean sartuta dagoenean, ogitartekoari azken ukitua emateko, langostino aliolia botatzen zaio gainetik. Horretarako, Baratxuria oliotan melatu behar da. Beharrezkoa da baratxuri kantitate nahikoa botatzea, horixe izango baita alioliaren muina. Azkenik, esnea langostino buruekin nahastu eta iraztontzitik pasa ondoren aliolia eta esnea nahastu.
Xabier Agirre, Lasarteko Oreka taberna
“Ogitarteko berezi xamarrak egiten saiatzen naiz”
Xabier Agirrek prestatu du argazkiko ogitartekoa. Lasarte-Oriako Oreka tabernako sukaldaria eta jabea da. Antiguan bizi da, baina Lasarten dauka negozioa. Orain dela urte eta erdi inguru ireki zuen eta pozik dago orain arte egindako ibilbidearekin. Ogitarteko bereziak egin eta bakoitzari izen bat eman dio.
Zergatik sukaldari?
Donostiako taberna ugaritan aritu naiz lanean sukaldaritza ikasketak bukatu nituenetik. Txikitatik izan nahiz saltsero samarra eta sukaldaria edo harakina izan nahi nuen. Asko gustatzen zait janaria. Azkenean sukaldaritza ikasi nuen eta horretan dihardut.
Lasartetik Antiguara.
Orain nire taberna den lokal hau nire aitonarena zen aspaldi. Orain dela 25 urte bihurtu zuten taberna eta geroztik jende mordoa pasa da hemendik. Nik banuen esperantza egunen batean hartzeko; familiakoa izaterakoan lasaitasun pixka bat ematen dizu. Gainera, krisi garaian nahiko baldintza txarretan aritu nintzen lanean tabernetan eta neure kabuz zerbait egiteko gogoa nuen.
Ogitartekoak, hanburgesak eta entsaladak eskaintzen dituzue Oreka tabernan, besteak beste.
Bai, uste dut azken urteetan ohiturak aldatu direla. Ikusten nuen gero eta ohikoagoa zela jendeak kalean jaten zuenean ogitartekoak afaltzea. Hala ere, ahalegintzen gara ogitarteko berezi samarrak egiten; probatzen aritzen gara. Hasieran ogitarteko gutxi genituen baina ondo eginak. Jendeari gustatzen zitzaizkiola ikusita gehitzen joan gara.
Izen berezi samarrak dituzte.
Bai. Kraken eta Funtziona dira arrakasta gehien duten ogitartekoak. Lehenengoak mitologia grekoko pertsonaia bati egiten dio erreferentzia, baina uste dut beste istorio batzuetan ere agertzen dela. Kraken itsasontziak jaten dituen olagarro bat da. Funtziona, berriz, Iñaki Perurenaren omenez jarri genuen.
Zure ogitartekorik gogokoena?
Une honetan Marrano beltza eta Kotxinita pibil, berrienak.
Eta ogitarteko horiei laguntzeko edari bat?
Garagardo artisauak asko gustatzen zaizkit. Lasarten ez daude leku askotan eta interesgarria da bezeroei ere zerbait berezia eskaini ahal izatea.
Haragi gustukoena?
Txuleta, zalantzarik gabe.
Arrain gustukoena?
Erreboiloa.
Barazki bat?
Denak. Oso barazki zalea naiz. Hala ere, bat aukeratu beharko banu alberjinia labean egina.
Postrerako?
Gazta tarta. Orekan etxeko postreak izaten ditugu eta aldatzen joaten gara. Horietako bat gazta tarta da, nire postrerik gustukoena da.
Janaririk gustukoena?
Ondo egindako pizza, arrautza frijituak edo patata tortilla. Egia esan oso jatun ona naiz.
Donostiako tabernarik gustukoena?
Antiguako Trikuharri taberna.