Pelax eta Telmo Trenor. (Argazkia: N. Lizarralde)
Rocka eta beat-ak elkartu dituzte Egiako bi sortzaile gazteek. Dantz musika garaikide eta elektronikoaren jaialdian parte hartuko dute gaur, Tabakaleran (21:00).
Musika eszena desberdinetan mugitu diren arren, biek zuten zerbait desberdina egiteko gogoa. Rocka eta beat-ak elkartu dituzte, eta disko bat argitaratu dute: ‘Pelax & Telmo Trenor’.
Unai Pelayo ‘Pelax’ (Egia, 1989), rock eta blues musikan trebatu da. Telmo Trenor (Egia, 1986), berriz, hip hop, elektronika eta musika beltzaren orbitan aritu da. Haurtzarotik ezagutzen dute elkar, baina urte eta erdi besterik ez da elkarrekin musika egiten hasi zirenetik. Gaur zuzenean ariko dira Tabakaleran, Dantz jaialdiaren barruan.
Nola ezagutu zenuten elkar?
Unai Pelayo (U.P.): Telmo nire anaiaren kintakoa da, kuadrillakoa, eta askotan ibili gara elkarrekin auzoan, oporretan, kalean… Musikan aspaldi hasi ginen biok, bakoitza bere ildotik.
Telmo Trenor (T.T.): Guk rap talde bat sortu genuen. Horrela hasi ginen musikan. Baina orduan Pelaxek oraindik 12 urte zituen [barrez].
Eta nola sortu zen elkarrekin zerbait egiteko ideia?
U.P.: Inoiz elkar ikusi dugunean, zerbait komentatu izan dugu. Nik uste dut Telmoren aitaren omenezko ekitaldi batean olerkiak musikatu genituenean izan zela.
T.T.: Nik uste dut Ze Premikin jaialdian izan zela. Pelax ikusi nuen zuzenean jotzen, eta uste dut hor erabaki genuela lokalean geratuko ginela entseatzeko. Duela urte eta erdi geratu ginen lehen aldiz, Txondorra kultur gunean.
Ideia edo asmo zehatz bat zenuten buruan?
T.T.: Probatu nahi genuen. Hiruzpalau aldiz geratu ginen, auzoko jendeak honen berri izan zuen eta auzokide batek bere urtebetetzean jotzeko eskatu zigun. Le Bukowskin egin genuen emanaldi horretarako hasi ginen probatzen ari ginen hori guztiari forma ematen. Geroztik 15 edo 20 emanaldi inguru egin ditugu. Gogoa genuen; asmo handirik izan gabe hasi ginen. Ikusita jendeari gustatzen hasi zitzaiola guk sortutakoa, egiten ari ginen lana gordetzea pentsatu genuen, eta horregatik egin dugu diskoa. Eta zergatik ez, zirkuitu berrietan sartzeko. Ni musika elektronikoarekin ezin dut joan zenbait lekutara.
U.P.: Jendeari erakutsi nahi genion, gure egitasmoa mugitu, kontzertu batzuk eman… Azkenean zerbait argitaratzean, jendearen arreta bereganatzen duzu, nahiz eta digitalean kaleratu. Guk geuk ere lan horren kopia fisikoak egiteak ba garrantzia bat ematen dio.
Nolakoak izan ziren lehen proba haiek?
U.P.: Hasieran nire aurreko diskoko bi remix egin genituen. Erdi egina nuen beste pieza bat ere atera zen, Sugea. Ondoren Telmok Fermin Muguruza eta Dut-en Lucrezia-ren bertsioa egitea proposatu zidan. Beñat Antxustegik kantan lagundu zigun ahotsekin. Estanpa da biona den kantu bat. Bizi zuzeneko batena atera zen. Kattalin Minerri proposatu genion Porrontxo jaietan zati bat errezitatzeko, eta berak abestu du kantan. Ruben Secok grabatu eta nahastu du diskoa, Telmoren etxean.
T.T.: Kriston lana egin du Secok. Oso ondo grabatu du. Bat gehiago izan da proiektu honetan.
Nola sortzen duzue musika elkarrekin?
T.T.: Pelaxek gitarra jo eta abestu egiten du. Nik sampler bat eta erritmo kutxa bat erabiltzen ditut. Ordenagailua ere erabiltzen dut eta sintetizadore bat. Marakak eta beste tresna batzuk ere eramaten ditut, loopak egiteko.
U.P.: Asko dago momentuan egiten dugunetik, inprobisaziotik. Egitura bat badago, baina oso askea da dena. Eta horren askea denez, inportantea da bion artean dugun konplizitatea. Beharrezkoa da gutxieneko konplizitate bat.
T.T.: Uste dut denborarekin beste indar bat hartu duela bion artean egiten dugun emanaldia. Asko aldatu da lehen saiakera hartatik.
Eta agertokian nola sentitzen zarete?
T.T.: Nik ez dut izaten denborarik burua altxatzeko edo publikoari begiratzeko. Dudan denbora apur hori Pelaxi begiratu eta bion artean hobeto koordinatzeko erabiltzen dut. Baina bueno, nire kasuan beti izaten da horrela [barrez].
Nolako esperientzia izan da rocka eta elektronika nahastea? Askorentzat beharbada arraro samarra izango zen horrelako elkarlan bat egitea…
T.T.: Hori topiko handi bat dela uste dut.
U.P.: Niri musika gehiago gustatzen zait elkarlanean egiten dudanean, bakarrik egitea baino gehiago. Telmoren azken lana gustatu zitzaidan, jakin-min handia nuen elektronikaren mundua ezagutzeko. Gainera, irudipena dut jendeari elektronika erraz sartzen ari zaiola azkenaldian.
T.T.: Elektronika askotarikoa da: technoa, hip hopa, popa… Dena da elektronika, elektronikoki egindako musika baita. Euskal Herrian zirkuitu bat izan da beti , dantzalekuekin oso lotuta, borroka mundutik oso demonizatuta. Baina beti egon dira zaleak eta sortzaileak. Eta beti egon da jendea bi aldeetan mugitu dena.
U.P.: Etiketatzeko joera handia dago, kazetariei asko gustatzen zaizue hori. Subgenero pila bat daude musikan, eta loturak sortzen dira estilo desberdinen artean.
Nola deskribatuko zenukete elkar?
T.T.: Pelaxek segurtasun handia du, eta eskarmentu handia du, agertokian eta handik kanpo ere bai. Hegoaldeko estilo hori oso ondo egiten du. Ez du jende askok egiten. Bakarka igo eta estilo hori egitera ausartzen direnak gutxi dira. Petti bakarrik datorkit burura.
U.P.: Harrituta geratu egiten naiz Telmorekin, gaitasun handia du zarata soil batekin oinarri bat edo kantu bat sortu ahal izateko. Eta zenbat musika ezagutzen duen, zenbat musika bilatzen duen… Oraindik ez dut ondo ulertzen nola egiten duen egiten duena, flipatu egiten dut.
Aurrera egiteko gogotsu zaudete, beraz?
U. P.: Urte oso indartsua izan da. Entsegu asko egin ditugu, emanaldi asko egin ditugu. Gogoa daukagu norbera bere egitasmoan murgiltzeko. Nik bandarekin disko berria argitaratuko dut urrian.
T.T.: Nik ere bakarka jarraitzeko asmoa dut. Gauza gehiago egiteko gogoa dut, gauzak probatu.
U.P.: Oso ondo datorkit Telmo bezalako kide bat izatea nire ondoan. Musika erakusten dit, behartzen nau neure burua beste egoera batean ikustera. Espero dugu azken argitalpen hau binilo formatuan argitaratzeko arantza kentzea noizbait. CD formatuan kaleratzearekin konformatu behar izan genuen. Azkenean txukun geratu da gure argitalpena, Julieta Metralleta auzokidearen diseinuarekin. Denbora gehiago beharko genuke horretarako, guk udarako behar genuen proiektu hau, gehiago ez luza ez zedin.