‘Bantxa’, ‘Lugañene’, ‘Torrekua’ eta ‘Torrekua II’ lehia bizian ibili dira aurtengo udan, Donostia ordezkatuz. Traineru bakoitzaren izenaren arrazoia zein den agerian utziko dugu.

Santa Klara uhartearen inguruan dago Bantxa. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostiako lau traineru uretaratu dira aurtengo udan, lehia desberdinetan parte hartzeko. Traineru bati zein izen jarri ondo pentsatu beharreko kontua izaten da, eta izen bakoitzaren atzean istorio bat gordetzen da. Hauek dira uretaratutako lau ontzi zurien izenak: Bantxa,
Lugañene,
Torrekua eta
Torrekua II.
Donostiarrako gizonezkoen lehen taldea ibili da
Bantxa ontziarekin. Aurreko denboraldi aurrean erabili bazuten ere, alboratua geratu zen ondorengo entrenatzaile aldaketarekin, baina aurtengo denboraldi osoa traineru horrexekin egin dute. Ontziagatik izan edo ez, denboraldi biribila osatu du Igor Makazagaren taldeak. Bandera mordoa etxeratuta, KAE-1 ligako irabazlea izan da, eta TKE ligarako igoerako play offa jokatuko du; horren aurretik, ordea, Kontxako Bandera du hitzordu garrantzitsua.
Traineru berria ekarri zutenean, 2015ean,
Bantxa izena klubeko arraunlariek beraiek proposatu zuten, beste izen batzuen artean, eta horixe izan zen babes handiena jaso zuena.
Klubeko kideek diotenez, oso izen donostiarra da Bantxa. Izan ere, Santa Klara uhartearen atzealdeko leku zehatz bati deritzo Bantxa, sakonera gutxiagoko eremu bati. Ezaugarri berezia ematen dio bada, Kontxako Banderaren estropada eremuari, eta hortik bada ontziaren izena. Edonola, Bantxa ez da Donostiako toponimo esklusiboa. Pasaian ere badira bi bantxa, badiaren alde banatan.
Torrekua trainerua Donostiarrako emakumeen taldeak uretaratu du aurten, euren estraineko denboraldian. Aurretik, ordea, gizonezkoen taldeek erabili zuten ontzi bera da. Horrela, aurten
Torrekua II ontziarekin ibili da gizonezkoen bigarren taldea, arraunlari gazteekin denboraldi polita osatuz. Luis Karril donostiar patroi handiaren goitizena zen Torrekua. Ezizen hori jarri zioten, hain zuzen, Torrean bizi zelako. Donostiako portuan jaiotako arrantzalea zen Karril. Donostiako traineruaren patroi gisa ezaguna egin zen. Kontxako Bandera irabazi zuen 1889an, baina garaipenik handiena 1890ekoa izan zuen. Orduko hartan, Ondarroari aurre hartzea lortu zuten donostiarrek, eta izugarrizko poza eragin zuen hirian. Elkano izena zeraman Karrilen trainerua irauli eta hondoratu egin zen, Bermeo parean arrantzan ari zirela, 1892an. Han ito ziren Karril bera eta kuadrillako zortzi kide. 1890eko estropadan arraunean aritutako batzuk zeuden tartean.
Torreko Kaia izena zuen, XVIII. mende hartatik bertatik gutxienez; eta Itsas Kontsuletxea izan zen garai batean. Gaur egun, Ontzi Museoaren egoitza da. Dorre horixe bera da, gainera, Donostiarraren irudian agertzen dena, gurutzatutako arraunen aurretik, biribil urdinean sartuta.
Arraun Lagunaken trainerua da aspalditik
Lugañene. Lehen gizonezkoek erabili zuten, eta Kontxako Banderan bosgarren eta seigarren lekuan geratutakoa da. Azken hiru denboraldietan emakumeen eskutik dabil berriro ere lehia bizian. Traineru horrexekin lortu du aurten Arraunek Euskotren ligarako sailkatzea, lehen aldiz, historia eginez. Hogei urte inguru ditu ontziak, Amilibiak egindako lehenengoetakoa baita.
Martuteneko baserri baten izena da Lugañene, Urumea ertzean dago, eta horixe da klubaren egoitza 1972tik. Martuteneko kartzelatik Martutene aldera jo ezkero, ezkerretara geratzen da, 27 industrialdeko sarreratik oso gertu.
Arraun Lagunakek buruan du materiala berritzea, eta, horretarako, zaleei laguntza eskatu die. Traineru berri batek 40.000 euroko kostua izan dezakeela diote eta crowdfunding kanpaina bat abiatu dute dirua biltzeko. Helburua lortuz gero, ikusteko dago ea izena mantendu edo berria jarriko lioketen.
Izenak izen, arraunlarien indarrak eta patroien abileziak bideratuko ditu ontziak, hurrengo estropadetan ere. Beraz, arraunean egitea beste biderik ez dute.