Astebeteko atzerapenarekin hasiko dute ikasturtea Jakintza ikastolan
Jakintza ikastolako haurrek programatua baino astebete beranduago hasiko dituzte klaseak, euriak ikastolako lanetan sortu dituen eragozpenak direla eta. Irailaren 7an hasi behar zuten ikasturtea baina udalak azaldu du ikastolako zuzendaritzak eta Hezkuntza sailak hala erabakita irailaren 14ra atzeratu dutela.
Eneko Goia alkateak jakinarazi du Jakintza ikastolako estalpea konpontzen ari zirela ohartu zirela instalazio elektrikoa ere gaizki zegoela: “Ondorioz, instalazio elektrikoa ere konponduko dugu”. Abuztuaren 10ean eta joan den astean egindako euriteek lanetan hainbat kalte eragin zituela azaldu du Goiak, eta, gaineratu du udalak bere esku dagoen guztia egingo duela arazoa ahalik eta azkarren konpontzeko.
“Ulertzen dut gurasoen ezinegona baina inork ez du horrelako egoera bat nahi; kalteak ezin ziren aurreikusi”, dio Goiak. Bestalde, ikastolako jantokia itxita egongo da hilabetez. Hori dela eta, Goiak azaldu du udalak alternatiba eta aukera posible guztiak jarri dituela mahai gainean.
Atzo bildu zen Miren Azkarate hezkuntza zinegotzia Jaurlaritzarekin eta ikastolarekin: “Gaur goizean berriro bildu da Hezkuntza saila, ikastolako zuzendaritza eta obretako jendea eta erabaki dute biharko bi txosten egitea”. Alde batetik, segurtasun plana, eta, bestetik, hemendik eta obrak bukatu arte egin beharreko lanak nola burutuko diren jasoko dituen plana. Bi txostenak idatzi, sinatu eta ikastolan aurkeztuko dituzte bihar.