Groseko Tedone jatetxea
Osagaiak
225 gramo leka
5 onddo
5 langostino
Ahabiak (nahi beste)
Ahuakatea 1
Osagai sekretua
Lekak al dente erara da Tedone jatetxeko jabearen platerik kuttunenetakoa. Hura prestatu ahal izateko jarraitu beharreko urratsak azaldu ditu Beltza-k, nahiz eta osagai sekretu bat gorde duen berarentzat.
Platerarekin hasteko, lekak zati txiki txikietan moztu behar dira, Japoniar erara. Behin lekak moztuta, kazola bat urez bete eta lekak zortzi edo hamar minutuz egosi. Tedonen, ahalegintzen dira ahal den guztietan, lekak inguruko baserrietatik ekartzen.
Ondoren, bi aukera daude;?bata begetarianoa eta bestea ez. Aukera begetarianoa egin nahi duenak onddoak zatitu eta bere saltsan egin behar ditu. Beste aukera nahiago duenak, aldiz, langostinoak egosi. Behin langostinoak egosita zatitu edo osorik lekekin nahastu.
Ondoren ahuakatea zati txikitan moztu eta gainerako elikagaiekin batera jarri. Azkenik, ahabia gorriak bota eta horien zukuarekin janariaren inguruan borobil bat marraztu.
‘Beltza’ Tedone jatetxeko jabea
“Elikadura alternatiboa beti gustatu izan zaidan zerbait da”
Tedone tabernako jabea da “Beltza”. 11 urte daramatza Groseko kale Laburrean. Beti gustatu izan zaio elikadura alternatiboa eta horrek bultzatu zuen jatetxea zabaltzera.
Janari ekologikoa eta biologikoa eskaintzen duzue Tedonen.
Bai, hasieran janari begetarianoa egiten genuen. Orain janari ekologikoa eta biologikoa eskaintzen dugu.
Zergatik?
Uste dut jaten dugun hori garela. Beraz, elikadurak berebiziko garrantzia du gure bizitzetan. Badaude elikagai batzuk on egiten dutenak eta beste batzuk kalte egiten dutenak. Horregatik uste dut osasunarentzat garrantzitsua dela zer jaten dugun kontuan izatea.
Tedone jatetxe bat baino gehiago da.
Bai, Tedonen solasaldi politikoak, kultur ekintzak, performanceak eta halakoak egoten dira. Hemendik pasa dira, besteak beste, Arkaitz Cano idazlea, Maialen Lujanbio bertsolaria edo Pako Etxeberria forentsea.
Nolatan hasi zinen halakoak antolatzen?
Niri asko gustatzen zitzaidan halakoetara joatea eta jatetxea zabaldu nuenean ez nuen aukerarik izaten. Hori dela eta, jarduera horiek jatetxera ekartzea otu zitzaidan. Hasieran hilean behin edo antolatzen genuen zerbait, gero hamabost egunetik behin eta orain astero egiten dugu. Bestalde, uneoro izaten ditugu mota ugaritako erakusketak jarrita.
Zure barazkirik gustukoena?
Lekak eta kalabaza.
Eta postrerako?
Tedonetik, algarrobako tarta eta bestela marrubiak esne-gainarekin.
Gogoko duzun jatetxe bat?
Intxaurrondoko makrobiotika elkartea.