Jakintza ikastolako Ordezkaritza Organo Gorenak azaldu du udalak eta Eusko Jaurlaritzak “ez dutela ahalegin nahikorik egin” ikastolako lanen egoera hobetzeko. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak ohar bat argitaratu dute kritika horiei erantzunez.
Zapi puntu nabarmendu dituzte:
1-. Jakintza Ikastolaren Erregezaintza kaleko eraikinean ura sartu zela jakin eta berehala hartu ziren egoerari aurre egiteko neurriak. Biharamunean. Horretan jarraitzen dugu.
2-. Lehen egunetik bi erakundeok erabat koordinaturik aritu gara lanean. Hala ari gara orain ere.
3-. Lanak uztailaren 3an hasi eta urriaren 3an amaitzea aurreikusita zegoen proiektuan. Horrela izango da. Halere, eguraldiak ez du lagundu aurtengo udan. Abuztuaren 10ean sartu zen urik gehien. Kontuan izan behar da 1.200 m2-ko azalera duela eraikinak, hainbat ertz eta zirrikiturekin, eta oso zaila dela eurite handi bati aurre egitea. Abuztuaren 10ekoak gaindegia berritzen ari ginela harrapatu gintuen. Abuztuaren 30erako gaindegia ia osorik irazgaiztuta zegoen eta, erauntsia askoz bortitzagoa izan arren, errazagoa zen zirrikituak babestea.
4-.Gertakari hauek guztiak, hain justu, ikastolaren baldintzak hobetzeko lanak egiten ari ginela gertatu dira. Jakintza Ikastola axola zaigulako. Gaindegia guztiz berritu dugu, hirugarren solairuko instalazio elektrikoa ere osorik berrituta geratuko da, beste solairuetan izandako kalteak konpontzen dihardugu, suteen babeserako instalazioa egokitu da eta sukaldeko sabai aizuna berritu eta argiteria aldatu dugu (orain LED motako argiak jarri ditugu, kontsumoa ahalik eta apalena izan dadin). Orotara 488.431,65 euroko inbertsioa.
5-. Benetan sentitzen dugu ikasturtearen hasiera atzeratu eta ordutegiak aldatu behar izatea, ikastetxearen zuzendaritzak bultzatuta hartutako erabakia.
6-. Bi erakundeok irailaren 14an ikasturteari hasiera emateko lan egutegi bat hitzartu dugu (jangela zerbitzua barne), zeinaren bidez ikasle eta irakasleen segurtasun eta osasun baldintzak bermatzen diren. Gainera, udaltzaingoak arautuko ditu ikasleen sarrera-irteerak lanak amaitu bitartean. Neurri hauek guztiak Jakintza Ikastolaren zuzendaritzarekin eta guraso elkarteko ordezkariekin adostuta hartu dira.
7-. Aurrerantzean ere gure konpromisoa berresten dugu Jakintza Ikastolan eta gure ardurapeko gainerako ikastetxeetan egin beharreko mantentze eta berritze lanak egiten jarraitzeko.