Zubiberri elkartea inauguratuko dute larunbatean
Loiolako Erriberako Zubiberri elkartea inauguratuko dute larunbatean, auzoko lehen gastronomia elkartea. Duela zazpi urte ere saiatu ziren gastronomia elkarte bat sortzen, baina azkenean proiektua ezerezean geratu zen. Azken urteotan, ordea, egitasmoak bultzada handia izan du, eta, azkenean, Loiolako Erriberak gastronomia elkartea izango du. Inaugurazio ekitaldia, bazkideentzako bazkaria eta, arratsaldean, atea irekien jaia egingo dute.
Momentuz, 62 bazkiderekin hasiko du bidea, Nemesio Etxaniz kalean. Elkarteko kideek azaldu dute bidea ez dela erraza izan eta horrelako elkarte bat habian jartzeak esfortzu ekonomiko handia eskatzen duela.
Leku bizia izatea espero dute, eta auzokideek elkar ezagutzea izango du helburu gisa. Paloma Miranda plaza eta Nemesio Etxaniz kaleen artean dago elkartea. Lokala erosi zuten iazko udan, eta Pura Arquitectura estudioko Marta Badiola kontratatu zuten diseinua egiteko. Proiektuan izugarri inplikatu dela diote elkarteko kideek, eta esker ona adierazi diote.
Auzoaren historia ezaguna da. Indartsu hasi zen, baina krisia kolpe latza izan zen. Azken urteotan, ordea, berriz ere abiada hartzen ari dela uste dute. Hori dela eta, auzo elkarteko kideekin batera ekintzak antolatzea gustatuko litzaiekeela azaldu dute. Orain, Loiolako Erriberako jaien atarian, gastronomia elkarte berria inauguratuko dute auzoan.