Kontxan egin dute protesta. (Argazkia: @ErrausAurkMugi)
Estropadetako bigarren jardunaldia baliatuz, erraustegiaren aurkako giza katea egin dute Kontxan, Donostia Bizirik Elkarteak, Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Erraustegiaren aurkako koordinadorak deituta.
‘Erraustegirik ez’, ‘Osasuna bai’ edo ‘Alternatiba badago’ bezalako leloak erabili dituzte giza katean. Besteak beste, Ezker Anitza-EB, EH Bildu eta Ahal Dugu alderdietako kideak egon dira bertan.
Maria Luisa Sanchez Gipuzkoako errausketaren aurkako Koordinakundeko bozeramaileak azaldu du Zubietako erraustegiaren aurkariek 13 urte daramatzatela giza kate hau egiten, eta erakundeek jaramonik ez dutela egiten gogorarazi du.
“Lanak hasi dituzten arren, erraustegia ez dadila egin aldarrikatzen dugu eta jarraituko dugu”, azpimarratu du. Sanchezek uste du hondakinak erraustea “oso garestia” dela eta gipuzkoarrak “hipotekatuko” dituela. Bestalde, ingurumenarentzat eta osasunarentzat “kaltegarria” dela gogorarazi du.