"Auzotik eta auzoarentzat sortutako alternatiba bat jarri dugu martxan"
Jakintza ikastolako lanek sortu dituzten eragozpenak direla eta, aurreikusitakoa baino astebete beranduago hasiko dituzte klaseak. Hori dela eta, Txantxarreka gaztetxeko kideek Txantxa eskola herrikoia egitasmoa abiatu dute. Irailaren 14an hasiko dira haurrak Jakintza ikastolan eta bitartean zabalik egongo da Txantxa eskola. Egitasmoak “harrera beroa” izan duela azaldu dute gaztetxeko kideek argitaratu duten ohar batean.
Txantxa eskolako kideek eskerrak eman nahi izan dizkie hurbildu diren gurasoei, ikasleei eta baita jakintzako langile eta zuzendaritzari ere: “Gure txikitasunetik egoera honek ekarri dituen arazoei, hein batean irtenbide bat ematea bilatu dugu,ikasturtea normaltasunez hasi ezin duten haurrentzat jolas, tailer eta dinamika ezberdinak antolatuz eta horretarako gure espazio eta denbora eskainiz. Auzotik eta auzoarentzat sortutako alternatiba bat jarri dugu martxan”.
Uste dute egitasmo honekin Txantxarreka gaztetxean Antiguarekin duen lotura eta harremana “berretsi dituela”. Azpimarratu dute lau urteren ondoren txantxarreka gaztetxea gero eta biziago dagoela: “Auzolanean eta autogestioaz lortuko dugu! Gora Jakintza eta gora Txantxarreka!”