Donostiarrako kideetako batzuk, goizeko agerraldian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Denboraldiko estropadarik garrantzitsuenak jokatuko ditu Donostiarrak, datorren asteburuan. Sekulako denboraldia egin dute Igor Makazagaren mutilek, eta KAE-1 mailako txapeldunak izateaz gain, txapelketetan eta Kontxako Banderan ere sekula baino hobeto aritu dira. Orain, ez dute erronka makala, igoera lortzea hainbeste desiratutako TKE mailarako, gizonezkoen maila gorenerako. Bi jardunalditan jokatuko dute play offa; larunbatean, Portugaleten, eta, igandean, Bermeon: “Oso momentu onean gaude, eta gogotsu”, dio Makazagak.
Azken batean, denboraldiko erronkak pausoz pauso betetzea lortu dutela diote Donostiarrakoek, eta, iaz bezalaxe, berriro ere igoerarako sailkatzeaz harro daudela. “Iraileko aste bakoitza progresio gisa aurreikusi genuen, eta Kontxan bete dugu, oso baldintza gogorretan, gainera. Joan den igandean ezin izan nuen beroketan beraiekin egon, eta estropadaren bosgarren minurutako komunikazioa galdu genuen. Dena beraiek bakarrik egin zuten, kanpoko erreferentziarik gabe. Taldea oso ongi dago”, gehitu du entrenatzaileak.
Donostiarrarekin batera, talde hauek jokatuko dute play offa:
Samertolameu,
Puebla,
Santurtzi eta
Ares. Guztiak ikusten ditu aurkari indatsu gisa Makazagak: “Ziur nago talde guztiek orain artekoa baino maila altuagoa emango dugula, eta denak izango dira aurkari gogorrak”. Denak ere ados daude, gainera, larunbateko estropada gakoa izango dela; eta egun horretan ongi ateratzeak garrantzi handia izango duela.
Autobusean joateko aukera
Bi jardunaldiak zuzenean ikustera joateko, zaleentzako autobusak antolatu ditu Donostiarrak. Larunbatean 10:00etan irtengo dira autobusak, eta, igandean, 9:00etan. Autobuserako txartelak eros daitezke Aramendia gozotegiaren dendetan: Madril Hiribidea, 13; Mirakruz, 5; Txurruka, 12; Getaria, 4; Matia, 18; Usandizaga, 8; Bulebarra, 20.