Viktoria Eugenian egin dute aurkezpena. (Argazkia: Donostia Kultura)
Kultura eta futbola batzen dituen jaialdi bat antolatu dute elkarlanean Donostia Kulturak eta Real Sociedad Fundazioak: Korner-Kultura&Futbol Festibala. “Donostian pisu handia duten bi mundu, lehen aldiz, batzen dituen jaialdia: kultura eta futbola. Hiriko kultur eskaintzan hutsune bat betetzeko eta bere alorrean erreferente bilakatzeko jaio da Korner”, diote arduradunek. 2018ko otsailaren 19tik 24ra egingo dute Korner, eta Ernest Lluch kultur etxea izango du egoitza.
Jaialdiak bilgune bat izan nahi du, itxuraz urrun dauden bi munduren topalekua: solasaldiak, proiekzioak, erakusketak, antzerkia, bideojokoak, sorkuntza proiektuak… eta jarduera gehiago antolatu dituzte. Futbolari eskainiko diote programaren zati bat, kirol gisa hartuta: jokalariak, entrenatzaileak, zaleak… arreta berezia jarriko diote Realari. Programaren eduki zehatzak aurrerago azalduko dituzte.