Udalak Oroimen Historikoaren egunaren ekitaldi nagusia egin du; Frankismoaren Genozidioaren Biktimen elkarteak, bere aldetik, 407 fusilatuen biktimen senide eta lagunek eskainitako omenaldia antolatu du.
Emakume bat, Dual izeneko eskulturan lore bat jartzen. (Argazkia: Lide Ferreira)
Oroimen Historikoaren Egunaren ekitaldi nagusia egin du gaur goizean udalak (19:30ean,
Ilunpetik argitara antzezlana eskainiko dute, udaletxeko batzar aretoan, Agurtzane Intxaurragak zuzenduta), 1936an askatasunaren defentsan aritutakoak omentzeko. Dual eskulturaren aurrean, Ijentea kalean, hainbat erakunde, alderdi politiko, biktima eta elkarte egon dira. Gaur, gainera, 81 urte betetzen dira indar kolpistek Donostia hartu zutela.
Donostiako alkate Eneko Goiak “oroimena eta egia ezagutzeko eskubidea” aldarrikatu ditu: “Guri dagokigu gure aurretik justizian, bakean, elkartasunean eta askatasunean sinestu zutenen memoria bizirik mantentzea. Beraiei eta beraien oinordekoei zor diegulako. Baina baita hurrengo belaunaldiei ere. Ezagutu dezatela gure aurrekoek zenbat sufritu zuten, eta zenbat sufritu daitekeen historia errepikatzeko bezain itsuak baldin bagara”, adierazi du Eneko Goiak. Goiaren hitzen ostean, bertaratu direnek loreak jarri dituzte Dual eskulturako zuloetan.
Genozidioaren Biktimen elkarteak antolatutako ekitaldia. (Argazkia: Lide Ferreira)
Egia, justizia eta erreparazioa
Frankismoaren Genozidioaren Biktimen elkarteak, berriz, jarraian egin du beste ekitaldi bat. Jendetza bildu da Ijentea kalean, eta frankistek eraildako donostiarrak gogoratu ditu. 407 fusilatuen biktimen senide eta lagunek eskainitako omenaldia izan da; eta bertan zeuden guztiek egia, justizia eta erreparazioa eskatu dituzte.