Intxaurrondoko jubilatuen etxeak egoitza berria du
Intxaurrondoko Aiton-Amonen etxeak egoitza berria du, eta lehengotik metro batzuetara dago. Udalak 2015eko irailean erosi zituen lehengo egoitzaren ondoan dauden bi lokalak, eta behin erabiltzaileekin beharrak aztertuta, proiektua egin eta lanak 2017ko urtarrilean hasi zituzten.
Azaldu dute egoitza berriak 197,92 metro karratu dituela eta irisgarritasuna guztiz bermatuta dagoela, bai Txaparrene Pasealekutik, bai Intxaurrondo kaletik: “Solairu nagusian jarduerak egiteko bi gela daude, hain zuzen ere, ate mugikorrekin separatu daitezkeen bi gela. Horrenbestez, gela handi bakarra edo bi gela egin daitezke. Era berean, lokalaren solairu nagusiak taberna-jangela eta egokitutako komunak ditu. Beheko solairuan, aldiz, bulegoa eta ile-apaindegi zerbitzua daude, baita biltegi bat ere. Eta bertara jaisteko eskailerak eta igogailua daude”.
Irekiera ekitaldian egon da Eneko Goia alkatea, eta honela azaldu du: “Lehengo egoitzak ez zituen betetzen toki zein irisgarritasun beharrezko baldintzak. Hortaz, Aiton-Amonen etxeari erabiltzaileen eta bertan egiten diren jardueren beharrei egokitutako egoitza egitea garrantzitsua zen. Emaitza bistan da eta erantzun egiten die bai beharrei, baita auzoan egiten duen jarduera anitzari ere”.