Aurtengo kartela.
Bederatzigarrenez egingo dute
Zinemaldi Alternatiboa. Irailaren 25etik 30era izango da hiriko gune desberdinetan. 2015era bitarte Kortxoenea gaztetxean antolatu zuten, urte hartako azaroan eraitsi zuten arte. Iaz,
Donostia $aldu ta Suntsitu kolektiboak hartu zuen Zinemaldi Alternatiboa antolatzeko ardura Kultur Hiriburutzaren urtea izanik.
Bost eguneko egitaraua prestatu dute, hasieratik mantendu duten helburuarekin bat eginez: zinema eta gozamena, kritikotasuna eta aldarrikapena uztartzea.
IRAILAK 25, astelehena
Ez gara turistak gure herrian, eta ez dugu izan nahi leloa aukeratu dute lehen egunerako. Eduardo Chibas zuzendariaren
Bye bye Barcelona dokumentala emango dute Antiguako Txantxarreka gaztetxean, 19:00etan.
IRAILAK 26, asteartea
Lelo berarekin bat egingo dute bigarren egunean ere. Ordea, Lisboan turismoak duen eragina izango dute ikusgai. Left Hand Rotation kolektiboaren
Terramotourism dokumentala eskainiko dute Añorgako Firestone Lantegi Berreskuratuan, 19:00etan. Ondoren solasaldia egingo dute.
IRAILAK 27, asteazkena
Festa da festa, baina zer arraio da festa? leloa jarri diote hirugarren egunari. Txapelarik gabeko film-laburren txapelketa herrikoia egingo dute.
Festa hitza izango da gaia Donostiako Piraten hamabosgarren urteurrena dela eta. Aurkezten diren lanak eskainiko dituzte Parte Zaharreko Arrano elkartean, 19:00etan. Azken Aste Nagusi Pirataren laburpen bideoa ere proiektatuko da.
IRAILAK 28, osteguna
Donostiako Etxe Kolaboratiboa proiektuaren aurkezpena egingo dute laugarren egunean. Era berean, bi dokumental proiektatuko dituzte Amarako Kaxilda liburu dendan, 19:00etatik aurrera. Batetik,
La Borda: Costruim habitatge per construir comunitat lana, eta bestetik, Irene Pereyraren
One shared house filma.
IRAILAK 30, larunbata
Fotogramak pentagraman eta akordeak zeluloidean izena jarri diote Zinemaldi Alternatiboaren azken egunari. Itxiera musikatua egingo dute Intxaurrondoko Letaman gaztetxean, 19:00etan. Hiriko zenbait musika sortzailek parte hartuko dute: Olatz Salvador, Raitx, Asier Beramendi, Beñat Antxustegi, Eneko Sierra eta Jon Agiriano.
Bi zine pasarte aukeratzeko eskatu diete, eta horiek eskaini eta azalduko dituzte. Bestalde, musikariek beraien abesti bat eskainiko dute zuzenean, aukeratu duten zinema pasartearekin batera.