Donostian erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek hartu ahal izango dute parte, eta astebete iraungo du bozketak.
Donostiako Klasikak jaso zuen 2013an Urrezko Danborra. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Partaidetza zinegotzi Duñike Agirrezabalagak Urrezko Danborra aukeratzeko prozesuaren berri eman du gaur goizean. Azaldu duenez, urria amaieran, eta 15 egunez, aurreikusi dute proposamenak aurkezteko epea: “Donostian erroldatutako pertsonek egin dezakete, baita elkarte, fundazio, kirol talde eta talde politikoek ere”.
Proposamen horiek ez dituzte publiko egingo: “Azaroan lehen hautaketa fase bat hasiko da, 10 egun iraungo du, eta aurkeztutako proposamen guztiak aztertuko dira”. Lan hori Partaidetza Sailak eta Idazkaritzak egingo du.
Ondoren, bozeramaile batzorde bat egingo dute eta horiek izango dira hiru eta bost hautagai aukeratuko dituztenak. Hala, abendu amaieran, herri bozketa egingo dute. Donostian erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek hartu ahal izango dute parte, eta astebete iraungo du bozketak. Online egin behar izango da, eta zailtasunak izan ditzaketenei Udalinfo guneetan aukera emango zaie bertan bozkatzeko. Ondorioz, abenduaren amaieran 2018ko Urrezko Danborra zein izango den jakitea aurreikusten du udalak. Hautaketa hori udalbatzak berretsi beharko du.