Hasi dute ikasturtea Jakintza ikastolan
Astebeteko atzerapenarekin hasi dute ikasturtea Jakintza ikastolako haurrek, euriak ikastolako lanetan sortu dituen eragozpenak direla eta. Azkenean, atzo izan zuten lehen eskola eguna. Jakintzako Organo Gorenak azaldu du ikasturtea abian jartzeko bermeak eskatu zizkiola udalari. Udalak obraren segurtasuna eta osasuna bermatzen direla dioen txostena jaso zuten atzo, hala ere, salatu dute ez dituztela jaso beraiek eskatutako berme guztiak: “Umeen osasuna bermatzeko Jaurlaritzak Osasun sailaren txostena, obraren segurtasun planaren eguneraketa eta ebaluazio plana”. Horregatik, mobilizazioekin jarraituko dutela jakinarazi dute.
Udalak berriz azaldu du osasun plana ez dela eguneratzen: “Gertatzen denaren arabera, hartu beharreko neurriak dokumentu gehigarrietan eransten dira, eta dena dagokion lekuan jasota dago. Hau guztia baieztatzen duen txostena pasatu zaio Jakintza ikastolaren zuzendaritzari”. Bestalde, Hezkuntza saileko prebentzio teknikariek gaineratu dute ebakuazio plana ez dela aldatu obraren eremuak ondo mugatuta daudelako eta eraikina ebakuatzeko ez delako handik igaro behar.
Jakintzako haurrei alternatiba bat eskaintzeko asmoz, Txantxarrekako kideek Txantxa eskola egitasmoa abiatu dute. Astelehenetik asteazkenera bitarte egon da zabalik eta 100 haurrek eman dute izena.