'Mugikortasun garbia, partekatua eta zentzuduna' lelopean, udalak hainbat jarduera prestatu ditu hilaren 16tik 22ra.
Bizikletada izango da jardueretako bat. (Argazkia: Lide Ferreira)
Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearen harira, Donostiako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu irailaren 16tik 22ra. Aurtengo leloa honakoa da:
Mugikortasun garbia, parketakua eta zentzuduna. Prestatu duen programan parte hartu dute, besteak beste, Bizikletaren Behatokiak, Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak eta Donosti Roller-ek. Mugikortasun eta Garraio zinegotzi Pilar Aranaren arabera, astearen helburua da “garraiobide ez motordunen eta garraio publikoaren erabilera sustatzea”.
Bihar, zehazki, ibilaldi eta gosari osasungarri banak hasiera emango diote asteari. Antiguako tuneletik abiatuko da martxa 10:00etan, eta bi orduz Donostian zehar ibiliko dira parte hartzaileak. Helburua da bizimodu osasungarriak sustatzea eta, tartean, hiritik oinez mugitzea.
Ikastaroak, roller ibilaldiak eta gehiago
Horretaz gain, irailaren 18 eta 19rako bi ikastaro antolatu dituzte Kalkutako Teresa plazan: astelehenean, errepidean bizikletan ibiltzen jakiteko; eta, asteartean, berriz, bizikletak konpontzeko oinarrizko mekanika ikastaroa. Biak 18:00etatik 19:00etara izango dira.
Asteazkenean, irailaren 20an, Donostiako Udalak bi jarduera programatu ditu. Lehena, txikientzako Ttipi-Ttapa dinamika izango da – 9:15etik 12:15era -. Easo Plazatik aterako dira eta helburua da hiritik nola mugitu erakustea (dinamika hau ostegunean ere egingo da). Bigarren jarduera roller ibilaldi bat izango da, Donostiako bidegorrietatik zehar (19:30ean hasiko da Karlos Santa Maria plazan).
Ostegunean, hilaren 21ean, 9:30ean Donostiak Nouvelle-Aquitaine Electric Tour rally-aren irteera hartuko du. Bertan auto elektrikoek bakarrik parte hartzen dute eta Nouvelle-Aquitaine eta Euskadi Euro-eskualdea lotzen du. Autoak Bordelera abiatuko dira eta, irten baino lehen, Alderdi Ederren egongo dira ikusgai. Arratsaldean, aldiz, Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak bizikleta zaleen merienda antolatu du, 17:00etatik 20:00etara, La Perla aurrean.
Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astea amaitzeko, irailaren 22an, 11:00etan,
Bizikletada egingo dute, Alderdi Ederren hasita. Bertan, Donostiako hainbat institutu eta ikastetxetako ikaslek parte hartuko dute eta bizikletan ibiliko dira Donostiako kaleetan zehar. Azkenik, 23:00etan, Alderdi Ederren,
Friday Night Skate, Donostiako roller gaua egingo dute.