Euskal sortzaileen diseinuak jantziko dituzte Zinemaldiko aurkezleek
Euskal diseinatzaileen modarekin jantziko dira aurkezleak, 65. Donostia Zinemaldiko galetan. Horrela, tokiko diseinatzaileak ezagutzera eman nahi dituzte, Donostia Sustapeneko Moda Klusterraren ekimenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzan.
Diseinatzaile hauen jantziak izango dira: Isabel Zapardiez, Sophie et Voila, Minimil, Alex Robe, Manuela va de fiesta, Yolanda Torres eta Alicia Rueda. Eta aurkezle hauek jantziko dituzte: Leticia Dolera eta Anne Igartiburu, inaugurazio galaren aurkezleak; Irene Escolar eta Edurne Ormazabal, amaierako galaren aurkezleak; Itziar Ituño, Euskal Zinemaren eta ETBren galaren aurkezlea; eta Vanessa Rodriguez, Viktoria Eugenia antzokiko aurkezpenetan, Perlak saileko zuzendariak aurkezteko.