'Shopping gauean' egitasmoa salatu du ELA sindikatuak
Shopping gauean egitasmoa antolatu dute Donostiako merkatariek hiriko erdialdean, hori dela eta, gaur gauean zabalik egongo dira dendak 23:00ak arte. ELA sindikatuak kezka azaldu du egitasmaren aurrean: “Kontsumo eta merkataritza eredu oso konkretu batentzat diseinatuta daudela uste dugu, enpresa multinazionalen faboretan eta denda txikien eta langileen lan baldintzen kaltetan”.
Azaldu dute ezin dela alde batera utzi ekintza hauek langileengan duten eragina: “Lan baldintza kaxkarrak dituzten langileei oraindik ere prekarietate handiagoa suposatzen diete, euren aisia hipotekatuz”.
“Sektoreko langileok aski dela esan nahi dugu, eta gure lan baldintzak defendatzeko eta duintzeko mugituko garela. Hitzarmen duin bat behar eta nahi dugulako. Azken urteetan galdu dugun eros ahalmena eta lan baldintzak berreskuratu beharra daukagulako”, azaldu dute sinsikatuko kideek.
Hori dela eta, protesta gisa langileei espainak beltzez pintatuta joateko dei egin die. Bestalde, 20:00-etatik aurrera, kaleetatik zehar hainbat aldarrikapen egingo dituzte.